Irungo Udalak herritar guztiei jakinarazten die otsailaren 1etik, asteazkenetik, aurrera behin betiko itxiko dela ibilgailuentzat Blaiako hilerria eta Zaisa III industrialdea lotzen dituen landabidea, Ernautenean. Inguru horretako auzotar ugarik aurkeztutako eskariei erantzunez hartu da erabaki hori.
Aldaketaren arrazoietako bat landabide horrek izaten duen trafiko handia da. Inguruko etxebizitza eta baserriei zerbitzua emateko da printzipioz, baina lotura du Zaisa III industrialdearekin ere. Azken bide-tarte horri eragiten dio, hain zuzen, aldaketak.
Landabideak zuzeneko lotura du Zaisa III-ko errepide nagusiarekin, eta ohartu gara beharrik gabe erabiltzen dutela zenbait ibilgailuk industrialde horretara joateko, bertara sartzeko edo irteteko beste ibilbide batzuen ordezko bidezidor gisa.
Etxebizitzetara joateko pentsatutako bidea da, eta ez ditu biltzen ibilgailu astunak bertatik ibiltzeko beharrezko baldintzak: bide estua da, ez dago aukerarik kontrako norakoan doazen bi ibilgailu gurutzatzeko eta, ohiko ibilbide gisa erabiltzen dutenez geroztik, behar baino azkarrago doa trafikoa eta arriskutsua izan daiteke oinezkoentzat. Kontuan izan behar da landabideetan ohikoa dela oinezkoak eta ibilgailuak batera ibiltzea.
Esan beharra dago badirela Zaisa III-ra sartzeko beste bide batzuk, ibilgailuek etengabe erabiltzeko egokiak, hala nola Gazteluzaharreko bidea edo GI-636 errepidea (Juan Thalamas Labandibar kalea).