Elikadura nahasmenduak izango dituzte hizpide apirilaren 8an Palmera Monteroko hitzaldian

Datorren asteartean, apirilaren 8an, Elikaeskolak eta Parean elkarteak elkarlanean antolatu duten hitzaldi programaren bigarren saioa antolatu dute. “Presio estetikoaren eragina osasun fisiko eta mentalean” hitzaldi zikloaren barnean egingo da jarduera. Oraingoan, elikadura nahasmenduak izango dituzte hizpide. Hitzaldia arratsaldeko 18:30ean izango da, Palmera Montero eraikineko 2. Aretoan.

Haur eta nerabeen artean, bereziki 12 eta 21 urteen artean, elikadura nahasmenduak lehentasunezko gaitz mental bilakatu dira, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Pandemian nabarmen egin zuten gora elikadura nahasmenduek neska gazteen artean, muturreko kasuak areagotu egin ziren, eta arazoak oso presente dirau oraindik ere.

Argaltzeko dieta murriztaileak egitea, gehiegizko ariketa fisikoa egitea, osasungarritzat jotzen diren elikagaiak bakarrik jatea, astean zehar zorrotz eta zurrun jatea eta asteburuan sekulako betekadarekin bukatzea, bazkari/afari bat konpentsatzeko ariketa fisiko gehiago egitea, baraualdiak egitea…Janariarekin/gorputzarekin lotutako jokabide asko normalizatuta daude bizi garen dietaren kulturan. Baina normalizatuta egoteagatik ez dira osasuntsuak. Horregatik, garrantzitsua da haiek identifikatzen ikastea, nola kudeatu edo hobetu jakiteko; izan ere, elikadura nahaste bat izatera iritsi gabe, pertsona askok sufritu egiten dute janariarekin eta gorputzarekin lotutako pentsamendu, sinesmen eta portaerengatik.

Gainera, kasu askotan, arazo bat dagoela konturatzerako, arazoa oso errotuta egoten da, eta, kasu horretan, zailagoa izaten da errekuperazioa. Horregatik, detekzio goiztiarra gakoa delako, hitzaldi honetan azaldu nahi dute zer gauzek susmarazi diezaguketen gu geu edo gure inguruko norbait sufritzen egon daitekeela bere elikaduragatik, gorputz irudiagatik, ariketa fisikoagatik.

Lau hitzalditako bigarrena

Lau hitzaldiz osatuta dagoen programa denak hilabeteko bigarren astearteetan izango dira. 18.30tan Palmera Monteroko bigarren aretoan izango dira eta ez da izenik eman behar bertan parte hartzeko.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “kartelean Belarriprest figurarekin adierazi nahi izan dugun bezala, azalpenak euskaraz izango dira, baina pantailan gaztelaniazko aurkezpenek lagunduko dute solasaldia”. Beraz, publikoak erosoen duen hizkuntzan parte hartu ahal izango du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude