Erromatar Pintxoaren Ibilbidea bihar hasi eta datorren igandera arte luzatuko da

Dies Oiassonis erromatar jaialdiaren XV. edizioaren barnean, Irungo Udaleko Hiri Bultzada arloak jakinarazi du Erromatar Pintxoaren Ibilbidea uztailaren 5ean abiatuko da larunbatarekin. Hiriko ostalaritzako 16 establezimenduk parte-hartuko dute ibilbide gastronomikoa osatzeko. Proposamena martxan egongo da datorren asteko igandera arte.

Ekimenak erromatarren garaiko zenbait proposamen gastronomiko dakartza, Irungo establezimendu hauetan: Altzola, Iñaki erretegia, Bakar, Danako, Don Jabugo, Txigortegia, Félix Manso Ibarla, Gaztelumendi, Korreos garagardotegia, Manolo, Mari ostatua, Real Unión, Sargia, Txingudi Rugby Taberna, Virginia eta Yon Gallardo. Horrela, hiriko ostalariek bat egin dute, berriro ere, sukaldaritzako sormena sustatuta tokiko ekonomia bultzatzeko xedea duen ekimen honekin. Horrela, aisialdirako proposamen bat eskainiko dute Dies Oiassonis jaialdiaren programazioaren barruan.

Jardueretarako sarrerak salgai

Ifigenia antzezlanera (uztailak 9, 21:00, Amaia KZn), afari erromatarrera (uztailak 11, 21:30) edo zirku erromatarraren hiru saioetako batera (uztailak 12, 21:00 eta 23:00; eta uztailak 13, 12:00) joan nahi dutenek ohiko saltokietan eskuratu ditzakete sarrerak: Udalaren webgunean edo Luis Marianoko turismo-bulegoan. Hona prezioak:

Ifigenia antzerki-emanaldirako sarrerak 7 euro balio ditu; afari erromatarrak 30 euro eta 200 pertsonentzako lekua du; Zirku erromatarrak 5 euro balio ditu larunbatean eta 4 euro igandean. Bestetik, antzezpen historikoko emanaldietarako sarrerak jaialdian bertan jarriko dira salgai, Oiasso museoan.

Dies Oiassonis jaialdi erromatarra

Hamalau edizioren ondoren, XV.a bidean, jaialdi honek aukera eskaintzen du, uztailaren 9tik 13ra, modu atsegin eta desberdin batean gozatzeko ondare arkeologikoaz eta Oiasso zaharraren historiaz: portua, termak, nekropolia, meategiak, etab. Antzerki-emanaldiak, esperientzia gastronomikoak, azoka eta antzezpenak, hala nola gladiadore borrokak edo Navigium Isidis Isis jainkosaren ohorezko segizioa… guztiak ere historia eta ondarea modu didaktikoan eta jai-giroan ezagutzera emateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude