Ama-hizkuntzak eta psikoterapiak lotura estua dute. Emozio sakonenetarako eta memoria traumatikorako giltza zuzena dira. Horregatik ezinbestekoa da lanketa hori ama-hizkuntzan egin ahal izatea. Estibaliz Zubialde, Donostian ibilbidea hasi ondoren, laster Irunen ere ateak irekiko dituen Lassai psikologia zentroko psikologoa da eta terapia prozesuan aliantza terapeutikoa lortzea zeinen garrantzitsua den azaldu digu.
Loturarik dago ama-hizkuntzaren eta psikoterapiaren artean?
Bai, badago. Psikoterapian emozioekin egiten dugu lan eta segun eta bizitzako zein etapetan zauden, egoerekin ere bai. Psikoterapiak pertsona baten pentsamendu, sentimendu eta esperientzia intimoenak aztertzen ditu, eta horiei erreparatzeko, azken batean, hizkuntzaren bitartez lan egiten dugula esan dezakegu, sinbolikoarekin eta metaforekin ere, noski. Ama-hizkuntza adierazpen afektibo, emozional eta kognitibo sakonenarekin lotuta dago, batez ere karga emozional handiko edukietan. Ondorioz, norberaren ama-hizkuntza errespetatzea oso garrantzitsua da eta tresna nagusia eta eraginkorrena da emozioetara sarbide zuzenago bat edukitzeko.
“Psikoterapian garrantzitsuena aliantza terapeutikoa da”
Izan ere, terapian pazientearen eta terapeutaren arteko harreman bat sortzen da.
Bai. Psikoterapian garrantzitsuena aliantza terapeutikoa da. Beraz, profesionalak pazienteari euskaraz arreta eskaintzeak eta lanketa sakon hori euskaraz egiteak garrantzi handia du. Ama-hizkuntzak terapeutaren eta pazientearen artean sortzen den harremanean eragin dezake, izan ere, hizkuntza partekatua izatea hurbiltasuna eta konfiantza handiagoa sortzeko tresna da. Pazienteak aukera duenean bere hizkuntzaren ñabardura, metafora eta umorea erabiltzeko, gertukoagoa sentitzen da, eta horrek harremanaren kalitatea hobetzen du.
Ama-hizkuntzak, hitzetatik haratago, nolako lotura du inkontzientearekin edo ametsekin?
Gure memoriak eta bertan biltzen ditugun gertaerak eta egoerak gure atxikimendu erreferenteak izan diren pertsona horien hizkuntzan prozesatzen ditugu. Beraz, ama-hizkuntzak oso lotura estua du inkontzientearekin edo ametsekin. Haurtzaroko lehen esperientzia traumatiko eta afektiboak ama-hizkuntzan kodetu ziren. Inkontzienteko edukiak, hala nola ametsak, lapsusak eta hitz-jokoak, sarritan ama-hizkuntzan agertzen dira, hizkuntza hori baita karga emozional handieneko lehen urteetako bizipenen gordailua.
Bide beretik, ba al du loturarik memoria traumatikoarekin?
Bi urteak betetzen ditugun arte hizkuntza ez dago sortua edo, behintzat, barneratua. Hortik aurrera, hizkuntzaren bidez gure barne ahotsa sortzen hasten da, izatez, gure atxikimendu erreferenteena dena. Memoria traumatikoak karga emozional handiko egoerak dira, eta askotan ama-hizkuntzan kodetzen dira. Memoria horiek bigarren hizkuntza batean berriz prozesatzea zailagoa izan daiteke, distantzia afektibo moduko bat sor daitekeelako.
Testuinguru eleanitzetan terapian itzulpenak egiterakoan arazoak edo trabak sortu daitezke. Zein zentzutan?
Ama-hizkuntzan egiten ez den psikoterapiak zentzua badu ere, norberaren ama-hizkuntza errespetatzea funtsezkoa da. Ez dauka zentzurik norbaitek bere burua emozionalki adierazi behar duenean edo bere historiako zenbait narratiba egin behar dituenean horiek beste hizkuntza batean egiteak. Beste hizkuntza bat erabiltzen baduzu ez duzu sakontasun bera lortuko edo pertsonak berak ez ditu lortzen insight, katarsi edo sentitu behar dituen gauza batzuk. Ikerketek erakusten dute bigarren hizkuntza bat erabiltzeak distantzia emozionala sor dezakeela. Horrek, batzuetan, defentsa-mekanismo moduan funtziona dezake zenbait edukiren aurrean, nahiz eta distantzia hori erabilgarria izan daitekeen pazienteak karga emozional handiegia duen egoeretan. Dena den, orokorrean, prozesuaren sakontasunari kalte egin diezaioke. Bestalde, itzulpenak nekadura kognitiboa eragiten du, eta bestetik, esanahiaren eta ñabardura emozionalaren galera dakar.
“Edozeini transmititu behar diogu segurtasuna, baina txikiei are gehiago”
Terapia saio baten erdian, zergatik gertatzen dira hizkuntza aldaketak?
Gizarte elebidun batean oso naturala da bat-batean hizkuntza aldaketa gertatzea. Egia da psikoterapiaren testuinguruan askoz gehiago nabaritzen direla aldaketa horiek. Testuinguruaren arabera, hau da, bizitza pertsonalean edo lanean hizkuntza ezberdinak erabil ditzakegulako. Beraz, hizkuntza aldaketa bat gertatu daiteke, sakontasunetik gauzak azaldu eta ama-hizkuntzara jotzeko. Hizkuntza aldaketa hori gaiarekin distantzia bat hartzeko modua izan daiteke ere edo, kontrakoan, hurbiltasuna bilatzeko. Hizkuntza aldaketak oso aberasgarriak izan daitezke, beti ere modu kontzientean eta terapeutikoki erabiliz gero.
Terapia baten erdian hizkuntza aldaketak gertatzen direnean, terapeutak nola jokatu behar du?
Beti ere, pertsonaren erritmoa errespetatzen saiatu behar gara. Adibidez, terapeuta gisa azkarregi joan zarenaren adierazle izan daiteke eta pazienteak bigarren hizkuntza defentsa mekanismo gisa erabili izana.
“Lanketa pertsonalerako oso garrantzitsuak dira gure sustraiak eta nortasuna”
Pentsatzekoa da beraz, ama-hizkuntzak gure sustraiekin eta identitatearekin lotura duela.
Guztiz. Lanketa pertsonalerako oso garrantzitsuak dira gure sustraiak eta nortasuna. Beraz, ama-hizkuntza eremu honetan zaintzea oso garrantzitsua da, horri esker, beste pertsona errespetatua sentitu daitekeelako, bai bera eta baita bere testuingurua ere, zein familia, eta azken batean, bere istorioa.
Ondorioz, funtsezkoa litzateke bakoitzak terapia bere ama-hizkuntzan egiteko aukera izatea?
Bai, hala izan beharko luke. Zalantzarik gabe. Hizkuntza pertsonaren identitate sozial, kultural eta pertsonalaren oinarrizko zati bat da. Dena den, ez da erraza. Nabarmendu nahiko nuke psikoterapia batean garrantzitsuena harreman terapeutiko sendoak sortzea dela, pertsonaren eta profesionalaren artean. Segurtasuna sentitu behar duzu. Beraz, bai, Psikoterapia euskaraz egin ahal izateak ez luke aukera bat izan beharko, eskubidea baizik. Hala ere, egia da batzuetan hori lortzeko traba batzuk sortzen direla profesionalen aldetik, hizkuntza aukeraketak zerbitzuaren kalitatea baldintzatu ez dezan. Hortaz, beldur horiek trabak sortu ditzakete. Edozein pertsonak psikoterapia batean hasteko bere beldurrak gainditu behar ditu lehenik, terapeutaren aurrean barnetik biluztuko baita.
“Lanketa pertsonalerako oso garrantzitsuak dira gure sustraiak eta nortasuna”
Beste aldetik ere, ariketa hori egitea beharrezkoa dela uste dut, egoera lasai hartuz eta merezi duen garrantziarekin landuz. Guk terapeuta gisa ematen duguna zerbitzu bat baino gehiago da eta horretarako beste pertsonaren nortasuna onartu behar dugu, euskara euskaldunentzat zutabe garrantzitsu bat dela kontutan izanik. Hori guztia malgutasunez eta zintzotasunez egin daiteke, hau da, beharrezkoa denean beste hizkuntzara joz hitz zehatzak bilatzeko. Horrela eginez gero, pazienteak ziurrenik ondo hartuko du.
Euskaldun batentzat nolako garrantzia izan dezake psikoterapia euskaraz egin ahal izateak?
Edozein pertsonarentzat terapia bere ama-hizkuntzan egin ahal izatea askoz eraginkorragoa izango da. Hain zuzen ere, ondorio hori babesten duen ikerketa pila bat dago. Euskaldunen kasuan, are garrantzitsuagoa da. Euskara urtetan zehar zapaldutako hizkuntza bat izan da. Badakigu nondik gatozen, beraz, badira hor estaliak izan diren zenbait emozio, esaterako, lotsa. Horiek trauma intergenerazional bezala izendatzen ditugu, belaunaldiz belaunaldi pasa diren emozioak direlako eta familietan egon diren narratibak eta minak daudelako. Gaur egun psikoterapia bat benetan euskaraz egin ahal izatea, min horiek sinbolikoki konpontzeko aukera polita da.
Metaforak eta esamoldeak ere ama-hizkuntzaren zati ezinbestekoa dira.
Esan bezala, hizkuntza gure ibilgailua da psikoterapian baina, metaforak eta sinbolikoki ere beste tresna batzuk erabiltzen ditugu. Terapeutak metaforak erabiltzen ditu pazientea ulertzeko eta prozesua lantzeko. Ama-hizkuntzan, metaforak automatikoki eta esanahia galdu gabe sortzen dira, ulermen sakonagoa eta azkarragoa ahalbidetuz. Pertsonaren ama-hizkuntzan egiten ez baduzu, informazio ez zuzena galdu dezakezu; guretzat oso baliotsua dena.
“Pertsonaren ama-hizkuntzan egiten ez baduzu, informazio ez zuzena galdu dezakezu; guretzat oso baliotsua dena”
Barne elkarrizketak, oharkabean, baina gure ama-hizkuntzan egin ohi ditugu, ezta?
Norberak badaki zein hizkuntzatan egiten duen amets. Zure bigarren hizkuntzan ere egin dezakezu edo baita hirugarren hizkuntza batean, nahiz eta kasu horietan gai jakin batzuetan izaten den. Sustraietara eta emozio sakonetara joaten zarenean, hor agertzen dena ama-hizkuntza da; gure txikitako pertsonekin erabilitako hizkuntza. Barne elkarrizketa, sarritan, gure haurtzaroko figura garrantzitsuen ahotsaren errepikapena da, lehen aldiz ama-hizkuntzan entzun genituenak.
“Aldarrikatu beharreko zerbait da, norberaren eskubidea delako zerbitzu on bat jasotzea eta gainera, ama-hizkuntzan izatea hori”
Hemengo testuinguruan, nolako garrantzia izan dezake haurrentzat terapia euskaraz egiteko aukerak?
Psikoterapian txikiekin jolasaren bidez lan egiten dugu, metaforak erabiliz edo marrazkiak eginez. Izan ere, haurrek ezin dute pentsamendu kontzientearen bidez heldu bezala adierazi. Haur txiki batentzat bada izatez arraroa terapia batean hastea eta bat-batean ezezagun batengana joatea. Beraz, bere ama-hizkuntza denean harrera egiten ez badiogu, kasu honetan, euskaraz, oraindik arrotzagoa izan daiteke. Edozeini transmititu behar diogu segurtasuna, baina txikiei are gehiago.
Zure esperientziaren arabera, euskarazko terapien eskarian gorakada nabaritu duzu?
Bilakaera oso baikorra izan da egia esan eta ni asko pozten naiz horretaz. Geroz eta jende gehiago da zuzenean euskaraz gerturatzen zaizuna edo espresuki terapia euskaraz egin ahal izatea eskatzen duena. Aldarrikatu beharreko zerbait da, norberaren eskubidea delako zerbitzu on bat jasotzea, eta gainera, ama-hizkuntzan izatea hori.
Hitz batez, ama-hizkuntzan ez bada ere, hala ere terapia egitea lagungarria izan daiteke?
Terapia profesional on batekin eta kalitatezko pertsona batekin eginez gero, beti izango da lagungarria. Pazienteak terapeutarekin lotura egokia lortzen badu, eta pazienteak bigarren hizkuntza hori ondo menderatzen badu, aurrerapen garrantzitsuak egin daitezke. Aliantza terapeutikoa da garrantzitsuena. Dena den, ikerketek erakusten dute psikoterapia bat beti eraginkorragoa izango dela pazientearen ama-hizkuntzan egina bada. Zailagoa izan daiteke emozio inkontzienteen, haurtzaroko traumaren eta ñabardura kulturalen sakontasun osoa aztertzea ama-hizkuntzan ez bada. Hala ez bada ere, lagungarria izango da ziur, beti pertsona eroso, seguru eta lagundua sentitzen bada. Izan ere, ama-hizkuntza da emozio sakonetarako eta memoria traumatikorako giltza zuzena.
“Izan ere, ama-hizkuntza da emozio sakonetarako eta memoria traumatikorako giltza zuzena”
Estibaliz Zubialde Fernández
Estibaliz Zubialde Fernández, 2014. urtetik osasun-gaikuntza duen psikologoa da. 12 urtez haurrak babesteko arloan lan egin du. Donostiako Lassai psikologia zentrokoa profesionala eta orain ere Irunen kontsulta duena. 2016tik 2019ra AVAPSIko familia eta bikote terapiako masterra egin zuen 2013tik 2014ra, hau da, EHUko Psikologia: Gizabanakoa, Taldea, Antolaketa eta Kultura Masterra. EHUk kontrataturik ikertzaile lanetan aritu zen haur hezkuntzako bigarren zikloko haurren gaitasun emozionalak ebaluatzeko bi tresna euskarara egokitzeko 2011n, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako proiektuan. Gainera, Traumari buruzko prestakuntza du I. eta II. mailetan, Anabel Gonzálezekin Madrilen, UNEDen bidez.
Profesional gisa duen kalitatea bermatzeko, bere gainbegiratze taldearekin batera dituen prozesuen kasuak gainbegiratzen ditu, eta 2021etik parte hartzen du talde horretan. Horretaz gain, gaur egun bere berrikuspen pertsonalerako espazio propioa mantentzen du, lan pertsonal on bat ezinbestekoa baita beste batzuei lagundu ahal izateko.
Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen iksugai duzue.



