Ekainaren hasierarekin batera irundarrak beste urte batez Irungo jaiez gozatzeko prestatzen dira. Irungo jaiak bizitzeko moduak askotarikoak dira, alardeaz gainera, hirian askotariko ekintzak antolatzen direlako ekaineko azken egunetan zehar. Horregatik, kaleko jendeari galdetu diogu zein den San Pedro eta San Martzial jaietan gehien gozatzen duten unea.
Felix Bravo:
Niri Irungo jaietan gehien gustatzen zaidana Dianaren unea da. Oso une zirraragarria dela iruditzen zait. Gainera, musika oso polita da. Plazan sortzen den giroa oso berezia da. Hala ere, ez dut zuzenean han bertan ikusten urtero.
June Morales:
Niri gehien gustatzen zaidana gaueko jai giroa da; izan ere, jaietan kontzertu eta emanaldi asko izaten dira gauez, eta asko gozatzen dut. Oso ondo pasatzen duzu lagunekin. Alardeari dagokionez, ni aurten San Miguel konpainian aterako naiz lagunekin desfilatzen.
Iker Salcedo:
Bada, historikoki alardeak irudikatzen duenaz gain, hau da, 1522ko bataila, niri gehien gustatzen zaidana Irungo jaietan egun horietan guztietan sortzen den giroa da. Alardeaz haratago, aurreko egunetan arnasten den giroa gustatzen zait. Ez nuke une jakin bat aukeratzen jakingo, baizik eta jai giroa orokorrean.
Sofía Murgia:
Nik uste dut Irungo jaiak osatzen dituzten egun guztiak politak direla eta sortzen den giroa nabarmenduko nuke. Hortik entzun daitekeenaren kontra, Irunen oso giro ona dagoela uste dut. Azkenaldian ez dut hainbeste parte hartzen, festetan lan egin behar dudalako, baina beti gustatu izan zait alardea Kontrakale kalean ikustea, izkinan bertan edo beherago.
Pedro Hernández:
Nik Alardealdiaren antolaketan parte hartzen dut, eta egun horretan goizeko 8:00etatik arratsaldeko 14:00ak arte oso lanpetuta egoten gara. Hori da alardean laguntzeko dudan modua. Gainera, Belaskoenea konpainiako kide ere banaiz. Entseguekin hasi gara dagoeneko eta aurtengo kantinera ere aukeratu dugu; beraz, esan dezakegu jada jaietan gaudela.
María López:
Gehien gustatzen zaidana entseguetako egunak lagunekin batera gozatzea da. Egun horietan hiriko giroa oso ona da eta oso ondo pasatzen dugu. Gainera, Irungo jaietan barrutik parte hartzeko aukera izatea oso garrantzitsua da niretzat, ez bakarrik zain edo begira, eta aukera hori izanda nik oso ondo pasatzen dut.
Luzelen Gomes:
Oro har dena gustatzen zaidala esango nuke. Gogoko dut hainbeste jende kalean ikustea, baita alardea ere, oso polita baita ikusteko. Normalean, udako jaiak asko gustatzen zaizkit, bai hemengoak bai beste herri batzuetakoak. Irunen kasuan, Sanmartzialen barruan, asko gustatzen zait kanoiek eztanda egiten dutenean, asko gustatzen zait egiten duten soinua.
Eneko Tabar:
Egia esan, asko dira gustuko ditudan uneak. Adibidez, San Martzial eguna oso une polita da. Baina, beste alde batetik, Herri Bazkariaren eguna ere oso interesgarria iruditzen zait, izan ere, luzaroan ikusi ez dituzun Irungo koadrilekin bat egiten duzulako eta denok batera oso ondo pasatzen dugulako. Oso dibertigarria da Ficobara denok batera jaistea, baita Goitiberen jaitsieran parte hartzea ere. Egia esan, oso egun polita da guztiontzat.
Ainhoa Martínez:
Asko gozatzen dut Diana ikusten. Baina egia da asko gustatzen zaidala alardea Kale Nagusitik lagunekin nola pasatzen den ikustea, eta urtero ikusten dugu han. Oso une polita da, nahiz eta ia amaiera den; horregatik, goizean gozatzea ere polita dela uste dut. Familiarekin egun horretaz gozatzea ere gustatzen zait.
Jose Antonio Tellechea:
Sanmartzialak bere osotasunean gustatzen zaizkidala esango nuke, horietan parte hartzen duen jende onagatik. Gustatzen zait ezeri beldurrik ez izatea eta hirian seguru sentitzea. Diana goizeko 6:00etan entzutea oso polita da. Uste dut oso une hunkigarria dela, eta jendeak bihotzarekin bizi duela, eta horregatik urtero joaten naiz hura ikustera. Oraindik ez dut inoiz desfilatu, baina beti saiatzen dira ni animatzen konpainiaren batean desfilatzeko.
Leire Martiarena:
Irungo jaietatik gehien gustatzen zaidan eguna Herri Bazkariarena da. Oso ondo pasatzen duzulako. Koadrila giroan ospatzen den eguna da eta oso une politak izaten dira, beraz, asko gustatzen zait.