Euskararen koloreek Irun zeharkatu dute Korrika Txikiaren urratsetan

Gaur goizean, Irungo kaleak euskararen aldeko aldarriz eta kolorez bete dira Korrika Txikiaren ospakizunarekin. Bidasoaldeko AEK euskaltegiak antolatuta, hiriko lehen hezkuntzako ikastetxe guztiek bat egin dute ekimenarekin, euskararen transmisioaren lekukoa eskuz esku pasatuz. Goizeko 10:00etan puntuan hasi da lasterketa Leka Enea ikastetxean. Bertatik, ikasleek txandaka eraman dute lekukoa, ibilbidean zehar elkarri pasatuz.

Ikastetxe bakoitza kolore ezberdin batez jantzita joan da, euskararen inguruan ostadar bizi eta anitza sortuz hiriko erdigunean. Parte hartu duten ikastetxe guztiek erakutsi dute euskarekiko konpromisoa: Leka Enea, Dunboa, Eguzkitza, Belaskoenea, Toki Alai, Elatzeta, San Vicente de Paul, Txingudi Ikastola, Irungo La Salle eta El Pilar.

Mezuak, bertsoak eta festa

Ibilbideak San Juan plazaraino eraman ditu korrikalari txikiak; bertan bira eman eta Zabaltza plazan amaitu dute ibilbidea. Behin helmugara iritsita, jai giroak goia jo du. Lekukoa kioskora igo dute Toki Alaiko ikasleek, eta bertan,  ikastetxe bakoitzeko ordezkariek gaurko egunerako propio prestatu dituzten mezuak irakurri dituzte. Ekitaldia hunkigarria eta sormenez betea izan da: ikasle batzuek mezuak ozen irakurtzeaz gain, beste batzuk kantatzera edo bertsotan aritzera animatu dira, bertaratutako guztien txaloak jasoz.

Jaiari amaiera emateko, Zabaltza plaza osoak bat egin du edizio honetako Korrikako abestiarekin. Ikasle, irakasle eta gurasoek, denek batera, abestu eta dantzatu dute, Irungo haurren artean euskarak duen indarra eta bizitasuna argi utziz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude