Gaur goizean abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira Irunen egingo diren ekintzen berri eman da. “Euskaratik Etorkizunera” da aurtengo ospakizunerako aukeratutako leloa. Jon Ugarte Euskara ordezkariarekin batera, Juanjo Jimenez Oiasso Museoko zuzendariak prentsaurrekoan parte hartu du, egitarauan ageri diren hainbat ekintza bertan egingo dira eta.
Euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin, azaroaren 29tik abenduaren 7ra arte, heldu zein gazteek hainbat kultur jardueraz gozatzeko aukera izango dute. Aurtengo jarduera egitaraua Aitziber Garmendia eta Telmo Iruretaren “Sexberdinak” antzezlanak, Ene Kantaren ikuskizun batek eta Benta Zaharreko Mutiko Alaien kantujira batek osatzen dute, besteak beste.
Euskara ordezkariak, hirian euskararen erabilera “bizia” izatearen desioa agertu du eta irundar guztiak animatu ditu euskaraz mintzatzera, Euskaren Nazioarteko Egunaz haratago.
Jarduera egitaraua
Horrela, azaroaren 29an, ostiralean, 17:30etik aurrera, familiek “Bisonte mastodontearen bila” ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute, Ene Kantak konpainiaren eskutik.
Azaroaren 30ean, larunbatean, Benta Zaharreko Mutiko Alaiek girotuta kantu jira izango da 12:00etatik aurrera. Euskal kantak abestuz, Urdanibia plazatik abiatuko dira eta handik, geldialdiak eginez, San Juan Harria plazarainoko bidea egingo dute.
Abenduaren 1ean, igandean, “Sexberdinak” izeneko antzezlana eskainiko dute Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta aktoreek,19:00etan Ficoban.
Azkenik, Euskararen Egunean, abenduaren 3an, hain zuzen, Gaztelehia izeneko dinamika gauzatuko da Irungo kaleetan zehar. Dinamika hori, DBH 4.mailako gazteentzat prestatuta dago, eta bertan, Euskara eta Iruni buruzko erronketan murgilduko dira.
Oiasso museoko ekintzak
Oiasso museoan berriz, Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotutako hainbat ekimen antolatu dituzte.
Abenduaren 3an, Euskaltegiko ikasleek Oiasso museoa bisitatuko dute goizeko 10:00etan. Arratsaldean, 19:00etan Juncal Cepeda eta Olga Grandek bakarrizketa eskainiko dute museoan bertan.
Azkenik, abenduaren 7an, larunbatean, Jolastu nahi? antzerki saioaz gozatzeko aukera egongo da museoan 12:00etan.
Doako sarrerak
Antolatzaileek azaldu dutenez, emanaldi guztietarako sarrerak doan dira. Ficoban egingo diren emanaldietarako sarrerak Irungo Udaleko atarian egongo dira eskuragarri azaroaren 21tik aurrera (14:00etatik aurrera). Banatu ez diren sarrerak Ficobako leihatilan egongo dira eskuragarri emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago: 17:00etan Ene Kantak, aldiz, Sexberdinak, 18:30ean. Pertsona eta ikuskizuneko 4 gonbidapen har daitezke gehienez.
Oiasso Museoan antolatu diren jardueretarako, sarrerak museoan bertan eskuragarri egongo dira. Pertsonako 2 sarrera har daitezke gehienez. Oiasso Museoko ordutegia: asteartetik igandera 10:00etatik 14:00etara goizez, eta ostiral eta larunbatean 16:00etatik 19:00etara arratsaldez.
“Euskaratik Etorkizunera”
Aurtengo leloak, “Euskaratik Etorkizunera”, euskarari etorkizun bat bermatzeko beharrari egiten dio erreferentzia. Antolatzaileek azaldu duten bezala, erabiltzen ez den hizkuntza galdu egiten da. Horrela, gogorarazi dute guztion ardura dela euskara bizirik mantentzea, etorkizun bat bermatze aldera.



