Fanzineari buruzko hitzaldia emango du Ane Arzelusek ostegunean Emakumeen Etxean

Ane Arzelus ilustratzaileak fanzineari buruzko hitzaldia eskainiko du urriaren 9an, ostegunean, Irungo Emakumeen Etxean. Irungo Udaleko Berdintasun Zerbitzuak ‘Fanzinea aldarrikapen arma gisa’ hitzaldia antolatu du. Ekitaldia arratsaldeko 18:30etan izango da, doako sarrerarekin, aretoaren edukiera bete arte.

Hitzaldi honen helburua, fanzinea underground kulturaren edo kultura alternatiboaren berezko argitalpen-formatu gisa ikusaraztea da; izan ere, fanzinea sortu zenetik, askotariko aldarrikapenei lotutako edukiak zabaltzeko balio izan du, hala nola feministenak eta LGTBIAQ+ kolektiboari lotutakoak. Hitzaldi honetan fanzinearen hastapenak jorratuko dira, formatu eta editatzeko modu ezberdinak aztertuko dira, baita argitalpen hauen berezko gai eta tonuen zabaltasuna ere (in situ adibideekin).

Hitzaldi hau, Emakumeen Etxean Teresa Castrok dinamizatuko duen ‘Fanzine Feminista’ Jabekuntza Eskolaren tailerraren atarikoa izango da. Jarduerak plaza kopuru mugatua du eta lau saio izango ditu (urriak 14, 21, 28 eta azaroak 4), 18:00etatik 20:00etara. Izenemateak  udal webgunean atarian egin daitezke urriaren 10 arte.

Ane Arzelus

Ane Arzelus ilustratzaileak ‘Gure Begietatik: mitoak eta desmitifikazioak’ fanzinea aurkezteko eta aztertzeko aprobetxatuko du hitzaldia, APIM 2023 (Madrilgo Ilustrazio Profesionalen Elkartea) sarien irabazlea. Mitoak kontatzeko moduari buruzko hausnarketa astintzen duen argitalpen bat da, begirada aldatuz eta emakumeak pertsonaia autonomo eta aktibo bihurtuz, heroi maskulino baten itzalean bigarren mailako roletan geratu beharrean. Fanzine honek, gainera, oso formatu originala du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude