Fernando San Martin, funtzioko Euskara Udal Ordezkaria: “Euskarak jendea limurtu behar du erabilera sustatzeko”

Luzeak egin zaizkio bere bulegoko atea azken aldiz ixteko unearen aurreko egunak. Duela 20 urte iritsi zen Udalera. Hasieran, Garapenerako Lankidetzako Ordezkaria izan zen. 1999an Alberto Buenek Kultura eta Euskara Arloen Ordezkari izendatu zuen. Ordutik euskararen inguruko udal politikaren arduraduna izan da. “Bitartekoak finkatuta daude, baina euskara sustatzeko lana iraupen luzeko lasterketa da”. Hauxe bere agur esaldia.

Fernandoren argazkia

– Euskararen inguruko politikaren lema hartu zuen lehen sozialista izan zinen. Nolako harrera egin zizun gizarteak?
Ordura arte nazionalisten esku egon zenez, baliteke zenbait irundarrek pentsatzea horrela jarraitu behar zuela. Nik ez nuen inolako bazterketarik nabaritu. Norbait beldur bazen, beldur hori funtsgabea zela garbi geratu da, euskararen inguruko politika ia beti erabateko adostasunez garatu dugu eta.
– Eta alderdian euskara bultzatzearekiko errezelorik igarri zenuen?
Ez, bai alderdiak, baita alkateak ere, askatasun osoz lan egiten utzi didate. Are gehiago, kontrakoa gertatu da: euskararen inguruko politika egiteko gai ginela erakutsi nahi genuen.
– Zein izan zen zure erronka?
Erronkei dagokienez, euskara guztion ondarea dela eta denok lagundu behar dugula gizarteratzen. Erabilera sustatu eta gatazka politikorako tresna izan ez zedila nahi nuen.
Argi neukan euskarak Udalean pisu handiagoa izan behar zuela. Horregatik, Euskara Zerbitzua arlo baten atal bat izatetik Udaleko arlo independente izatea lortu genuen. Honela, Euskara Zerbitzua zena gaur egun Euskara Arloa da, hizkuntza normalizaziorako baliabidea elkartuz.
Azken finean, euskara bizitzaren alor guztietara zabaldu nahi nuen. Eskola Kirola programa adibiderik politenetakoa da.
– Duela 20 urte, irundarren %29 euskaldun osoa zen; gaur egun, %40 inguru. Hala ere, gaztelania da, oraindik, irundarren %81en etxeko hizkuntza.
Hala ere, aurrera egin da. Izan ere, %17tik gora dira etxean euskara erabiltzen dutenak, orain urte batzuk pentsaezina zena. Euskadi osoan gertatzen dena gertatzen da hemen ere. Euskarari guneak ireki behar zaizkio, batez ere herritarrak erabiltzera animatu behar ditugu; hots, euskarak jendea limurtu behar du. Gure politika norabide horretatik abiatu dugu. Udalean euskararen erabilera normalizatzeko planaren helburu garrantzi-tsuenetako bat da zerbitzua bideratzea, hiritarrak aukeratu duen hizkuntzan eroso sentitzeko.
– Kanpo planak ere, normalizazioarenak, aisialdian euskara bultzatu nahi du.
– Zer eragin izan du krisiak euskararen normalizazioan?
Murrizketak izan arren, ia programa guztiak mantendu ditugu. Hitzarmena sinatu zuten enpresei diru-laguntzak manten-tzen zaizkie; ez dira, ordea, jada hitzamen berriak sinatzen.
– Hedabideena sektore estrategikotzat jotzen da udal plangintzetan; ez da, ordea, aurrerapausorik aipatzen ebaluazioan.
Hedabide handiek euskarazko edukiak eskaintzeko ahalegina egin behar dute. Kalitate-elementu bat dela iruditzen zait.
Prentsari zuzendutako Udalaren komunikazioetan euskara lehen baino gehiago erabiltzen dela uste dut.
– Zer esango zenioke hurrengo Euskara Ordezkariari?
Lantalde bikaina izango duela. Lanerako grinaz beteta etor dadila, erabilera susta-tzea erronka handia delako. Bitartekoak finkatuta dauden arren, iraupen luzeko lasterketa da, etengabeko lana eskatzen duena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude