Irungo Udaleko Kultura arloak antolatuta, Irungo Amaia KZko agertokian, ostiralean, maiatzaren 26an, iluntzeko 20:00etatik aurrera, flauta eta gitarra emanaldia eskainiko dute Naroa Zuazak (flauta) eta Ane Encabok (gitarra). Ricardo Requejo Zikloaren esparruan eskainiko da kontzertu hori.
Bikoteak nazionalismo musikalean oinarritutako programa bat aurkeztuko du, eta pieza hauek joko dituzte: Flauta eta gitarrarako serenata op.127 (M. Giuliani), Carmeni buruzko fantasia distiratsua (F. Borne), Errumaniako herri-dantzak (B. Bartók) eta Tangoaren historia (A. Piazzoll).
Sarrerak Amaia KZko txartel-leihatilan eskura daitezke emankizuna baino ordubete lehenago, betiere sarrerarik geratzen bada. Bere webgunearen bidez ere eskura daitezke. 5 euro balio du sarrerak.
Ricardo Requejo Ganbera Musikako Zikloa
Ricardo Requejo Zikloa ganbera-musikako kontzertu-programa bat da, eta, horren barruan, kontzertuak eskaintzen dituzte ibilbide profesional nabarmena duten hiriko musikariek. Zikloa bost kontzertuk osatzen dute, eta urteko lehen seihilekoan programatzen dira Amaia KZn.
Kontzertu horien bidez, musika-ibilbidea Bidasoaldean hasi eta Irungo Musika Eskolan ikasi zuten tokiko artistei aukera ematen zaie egindako aurrerapenak beren hirian bertan erakusteko.
Horregatik, Irungo eta Hondarribiko musikariak izaten dira kontzertuetako protagonistak, eta, batzuetan, baita inguruko beste musikari batzuk edo ohiko laguntzaileak ere.



