Inauteriekin loturiko lehen ekitaldiak egingo dira asteburu honetan Irunen. Lehenak Galdaragileak izango dira, otsailaren 22an,larunbatean. Igandean, otsailaren 23an, Inude eta Artzainen txanda izango da.
Galdaragileak
Irun Inauterietan murgiltzear dago. Galdaragileak izango dira hiriko kaleetan Inauteriak iragartzen lehenak, Irun´go Atsegiñaren eskutik. Larunbatean arratsaldeko 19:00etan Alberto Anguera plazatik irtengo dira eta San Juan plazarainoko ibilbidea egingo dute, bidean zartagin eta pandereta kolpeak joz abestiak kantatzeko.
Inudeak eta Artzainak
Jaiak jarraipena izango du hurrengo egunean, otsailak 23, igandea, goizeko 8:30etan diana berezia eskainiko baitu Irungo Txistulari Taldeak, Inauterietako doinuak jota. Dianaren ondoren Inudeen eta Artzainen desfilea iritsiko da, Eraiki dantza taldearen eskutik. Santiago kaletik abiatuko da eguerdiko 12:00etan eta, hiriko erdiguneko kaleetan barrena ibili ondoren, Luis Mariano kalean amaituko da. Amaitu aurretik, 13:00etan Zabaltza plazan dantzatuko dute, Irungo Kontserbatorioko Orkestraren erritmoan.



