Gaur goizean Eskola Agenda 2030eko entzunaldia egin da udaletxeko areto nagusian

Eskola Agenda 2030 programa Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko arloak sustatzen du, eta Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du, haren dirulaguntza-lerroaren bidez. 2022-2023 ikasturtean, zazpi ikastetxek parte hartu dute programa horretan: Eguzkitza, Hirubide, Pío Baroja, Toki Alai Siutz eta Toki Alai BHI, Txingudi Ikastola eta Txingudi Institutua. Ikasturte honetan, Garapen Jasangarrirako Helburuak landu dituzte, zehazki, horietako 7.a (Energia eskuragarria eta ez-kutsatzailea).

Ostegun honetan bildu dira parte-hartzaileak, hilabete hauetan egin duten lana ezagutzera emateko. Ikasturteko lehen hiruhilekoan, motibazioaren fasean lan egin zuten, hezkuntza-komunitatea sentsibilizatzen hasita. Bigarren hiruhilekoan, diagnostikoa egin zuten, bai ikastetxekoa bai udalerrikoa. Udalerriko diagnostikoa egiteko, programan parte hartu duten ikastetxeetako ikasle eta irakasleek hezkuntza-ziklo bakoitzeko adinera eta ezagutza-mailara egokitutako baliabideak erabili dituzte. Baliabide horien bidez landu ahal izan da 7. GJHa, bai teorian, bai jarduera praktikoak eginez.

Haur-hezkuntzako, lehen eta bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleek, gainera, jarduera asko egin dituzte ikasgelan eta ikastetxetik kanpo. Helburu nagusia izan da ekarpenak jasotzea udalerriaren egoera hobetzeko. Horretarako, ikasleek zuzenean behatu dute, esperimentatu egin dute eta hausnartu egin dute. Eskolarteko foroa maiatzaren 4an egin zen, eta haren helburua zen ekarpen garrantzitsuenak hautatzea, ikasleen lehentasunak kontuan hartuta. Ikasleen ekarpenen artean, udalerriaren egoera hobetzeko proposamenak eta norberak bere eguneroko bizitzan har ditzakeen konpromisoak biltzen dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude