Irungo Udaleko Berdintasun Zerbitzuak Dolu Perinatalari buruzko hitzaldia antolatu du: Garazi Oyarbide psikologoak emango du, hilaren 29an, asteartearekin, 18:30ean, Emakumeen Etxean, eta sarrera doakoa izango da.
Hitzaldiaren helburua egoera mingarri eta askotan ezkutuko bat ikusaraztea da. Izan ere, familia askok haurdunaldiko, jaiotza inguruko, jaioberritako edo haurtzaroko heriotzak sufritzen dituzte, eta horrek oso eragin emozional handia du ingurune zuzenean, baina oraindik tabua da gizartean, edo garrantzia kentzen zaio.
Garazi Oyarbide
Garazi Oyarbide psikologo sanitario orokorra da, psikologia perinatalean aditua, eta, hitzaldiaz gain, gai berean sakontzeko tailer bat emango du, Ahalduntze Eskolan, entzuteko eta lagun egiteko asmoz. Hiru saiok osatuko dute tailerra, maiatzaren 5ean, 12an eta 19an, 17:30etik 19:00etara, eta, toki kopurua mugatuta egongo denez, izena eman beharko da aurrez, Irungo Udalaren webgunean edo, aurrez aurre, Emakumeen Etxean bertan, maiatzaren 4ra bitartean.



