Gaur hasiko da haur eta gazteen aisialdiko begirale izateko ikastaroan izena emateko epea

GazteARTEan Irungo Udaleko Gazteria arloak haur eta gazteen aisialdiko begirale izateko ikastaroa antolatuko du aurten ere. Gazteen aurrekontu parte-hartzaileetan boto gehien bildu zuten proposamenetako bat da. Sandra Caballero Hezkuntza eta Gazteriako ordezkariak azaldu duenez, maiatzaren 28tik ekainaren 13 bitartean eman ahalko da izena aurrez, bi egun horiek barne, Udalaren webgunean.

Hezten entitateak emango du, irailetik maiatzera bitarteko larunbatetan, Martindozenea gaztelekuan, eta, behin bukatuta, parte-hartzaileek Eusko Jaurlaritzak homologatutako titulua eskuratuko dute.

Ordezkariak esan duenez, “oso garrantzitsua da guretzat Irungo gazteei enplegurako gaikuntzarako erraztasunak ematea”. Azkenean, erakundeetatik laguntzeko modu bat da, lanerako trantsizioa ahalik eta errazena izan dadin adierazi du Hezkuntza et Gazteria ordezkariak. “Kasu honetan, lan oso espezifiko batez ari gara, udaleku edo kanpamenduetako begirale lana, eta ikastaroa lehen kontaktu bat da, etorkizunean baliagarriak izango diren esperientziak eskuratzeko”, aipatu du Caballerok.

Ikastaroaren ezaugarriak

Ikastaroaren iraupena 150 ordu teoriko eta 160 ordu praktikokoa izango da. Atal teorikoa 2025eko irailaren 27an hasiko da, eta 2026ko maiatzaren 30ean bukatuko da. Ikastaroa euskaraz emango da. 24 pertsonentzako tokia egongo da gehienez eta gutxienez 10 pertsonek izena eman beharko dute taldea ateratzeko. Orokorrean, saioak Martindozenea gaztelekuan izango dira. Azpimarratzeko da ikastaroa guztiz doakoa izango dela.

Parte-hartzaileak 1995ean eta 2008. urteen artean jaioak izan beharko dira, bi urte horiek barne. Modulu teorikoetan parte hartzeko, interesdunek 17 urte izan behar dituzte, edo moduluak hasten diren urtean bete. Modulu praktikoetan parte hartzeko, interesdunek 18 urte izan behar dituzte, edo moduluak hasten diren urtean bete.

Edonola ere, haur eta gazteen aisialdiko hezkuntza-jardueretako begiralearen titulua emango zaie prestakuntza-ikastaroaren modulu guztiak gainditzen dituztenei, betiere gutxienez 18 urte badituzte.

Izen ematerako datak

Ikastaroan parte hartzeko 2025eko maiatzaren 1a baino lehen Irunen erroldatuta egotea beharrezkoa izango da. Maiatzaren 28tik ekainaren 13 bitartean eman ahalko da izena aurrez, bi egun horiek barne, Udalaren webgunean.  Zozketa publikoa uztailaren 9an egingo da, eta emaitzak hilaren 14an argitaratuko dira. Eskainitako plaza baino pertsona gutxiagok ematen badute izena, ez da zozketarik egingo eta izen-ematean behin betikotzat joko dira. Behin zozketa eginda, mezu elektroniko bat bidaliko zaie tokia eskuratu dutenei, inskripzio-orria bete dezaten. Uztailaren 15etik 30era entregatu beharko dute.

Informazio gehiago nahi dutenek www.irun.org/gazteartean web orria kontsultatu dezakete, edo 943 50 54 04 telefono-zenbakira deitu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude