Gaur sinatu da Irungo trenbideen integraziorako protokoloa

Gaur sinatu dute trenbidearen integrazioaren protokoloa Adifek (Administrador de Infraestructuras Ferroviarias), ETSk (Euskal Trenbide Sarea) eta Irungo Udalak. Protokoloaren helburua hiriko trenbideak eta tren geltokiak bateratzea da, herritarrentzako espazioak berreskuratzeko.

Sinatzeko ekitaldian izan dira José Antonio Santano Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko estatu-idazkaria; Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko sailburua; Luis Pedro Marco Adifeko presidentea eta Cristina Laborda Irungo alkatea, besteak beste.

Alkatearen hitzetan, «bisita honekin ixten dugu bidea, bere garaian osoko bilkuran akordioa aho batez onetsi zenean hasi zena. Sinatutako dokumentua funtsezkoa izango da Irunentzat, eta ez bakarrik mugikortasunari dagokionez: topoaren trenbideak sortutako arrakala historikoa desagertuta, espazio handi bat berreskuratuko baita. Fase berri batean murgildu gara, eta berme guztiekin gainera. Erakundeen arteko babesak garrantzi handia du, eta gaur hori eskertu nahi dugu, eta duen balioa aitortu».

Sinatzeko ekitaldiaren aurretik, goian aipatutako ordezkari politikoak Irungo zenbait eremutan izan dira, bertatik bertara bisitatzeko sinatutako protokoloari esker berreskuratuko diren eremuak. Hasteko, ETSren Katea auzoko geltokian izan dira, eta bertan Elizatxo hiribideko zubia eraisteko abian diren obrak ikusi dituzte. Jarduketa horren baitan, egitura arineko pasarela berri bat eraikiko da, hormak sortzen zuen lubaki efektua saihesteko. Haren azpian egongo da Euskotrenen geltoki berria.

Ondoren, Irungo geltokira joan dira, eta geltoki intermodal berriaren obrak bisitatu dituzte. Bertan bateratuko dira trenbidearen alorreko garraio-zerbitzu guztiak: abiadura handiko trena, distantzia luze eta ertaina, aldiriak, topoa eta autobus-geltokia.

Bisita Irungo udaletxeko areto nagusian amaitu da, eta bertan sinatu dute protokoloa Luis Pedro Marco Adifeko presidenteak, Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko sailburuak eta Cristina Laborda Irungo alkateak, José Antonio Santano Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko estatu-idazkariaren aurrean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude