Azaroaren 23an Pio Barojaren jaiotzaren 150. urteurrena gogoratzeko ekitaldia egingo da

José Antonio Santano Irungo alkateak ostegun honetan jakinarazi duenez, Pío Baroja (1872-1956) idazlearen jaiotzaren 150. urteurrena oroitzeko ekitaldien esparruan, omenaldi bat egingo zaio Zabaltza plazan datorren asteazkenean, azaroak 23. Hirian hain errotua dagoen idazle ezagunaren omenezko brontzezko eskulturaren ondoan, zenbait proposamen artistiko egingo dira.

Ekitaldia 18:00etan hasiko da, eta bertan parte hartuko dute José Antonio Santano Irungo alkateak eta Pío Caro Barojak (idazlearen biloba txikia). Gainera, hiriko gazteek ere rol garrantzitsua izango dute arratsaldeko ekimenetan; izan ere, musika eskolako eta Pío Baroja institutuko ikasleek idazlearen legatuaren berri emango diote jendeari, oso modu originalean. Horrez gain, Myriam Pérez artista lokalak publikoa txundituta utziko du egun honetarako berariaz sortu duen dantza-proposamen batekin.

Gainera, Irunen ospatuko den urteurren horren oihartzuna sare sozialetan ere zabaldu dadin, interesa dutenei gonbita egiten zaie Pío Barojari buruzko hausnarketak, testuak edo idatziak #PioBaroja150 traol-hitzarekin partekatzera, @irun_informa aipatuta, Twitterren eta Instagramen.

Ekitaldi hau urteurren horren harira Irungo Udalak antolatutako ekimenetako bat baino ez da. Kultura arloak sustatuta, udala Pío Baroja institutuko arte-batxilergoko bigarren mailako ikasleekin lankidetza estuan lanean ari da. Larraitz Ugartemendia irakasle eta artistaren laguntza eta bitartekaritzarekin, eraikinaren fatxadetako batean instalatuko den olana handi bat diseinatu dute. Urte amaieran inauguratzea espero da, eta ikus-entzunezko beste proposamen batzuk ere izango ditugu, ikasleek berek sortuak.

Bestalde, 2022 honetan CBAra joaten diren guztiek Pío Barojari Madrilgo Retiro parkean egin zioten argazki bat ikusiko dute, binilo handi batean erreproduzituta. Irudi horretan inspiratua da, hain zuzen, Zabaltza plazan 2006ko urriaren 30ean (idazlearen heriotzaren urteurrenean, hain zuzen) instalatu zen eskultura.

Liburuaren eguna izan zen beste ospakizun garrantzitsu bat. Kixotearen irakurraldi tradizionalari ekin aurretik, Irungo alkateak Pío Barojaren Zalacaín el aventurero liburuaren pasarte bat irakurri zuen, eta Zabaltza plazako liburu-azokan idazlearen zenbait obra bildu ziren bitrina batean.

Pío Baroja eta Irun
Pío Baroja gaztelaniazko idazle onenetako bat da, zalantzarik gabe, eta Irunen haren izena daramate kale batek (1972tik) eta Batxilergoko institutu batek (1964tik). Hiriaren eta idazlearen arteko harremana, hala ere, askoz haratago doa. Bizirik zegoenean, maiz etortzen zen gurera, eta garai hartan idazleak berak bataiatuta Chapelaundis del Bidasoa izena zuen sozietateko kide zen. Urdanibia plazan zeukaten egoitza. El Bidasoa aldizkarian sarritan idazten zuen, eta lagun on ugari zeuzkan Irunen. Izatez, Behobian filmatu ziren Zalacain, el aventurero filmaren eszenetako batzuk.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude