Gaurtik aurrera eskatu daitezke eskolako materiala erosteko “Erosi eta Ikasi Irunen” diru-laguntzak

Irungo Udalak, Hezkuntzako eta Hiri Bultzadako arloen bidez jakinarazi duenez, uztaila hastearekin batera berriro martxan da “Erosi eta Ikasi Irunen” laguntzetarako deialdia, familiei ikasmateriala hiriko dendetan erosteko laguntzak emateko. Ekimenaren hamabigarren edizioa da aurtengoa, aurrekoek oso harrera ona izan baitute, eta gaurtik irailaren 30era arte zabalik egongo da diru-laguntzak eskatzeko epeak. Programaren edizio honetako aurrekontua 200.000 euro da.

Hezkuntzako eta Gazteriako ordezkari Sandra Caballerok nabarmendu duenez, “ikasturte hasieran, ahalegin ekonomiko handia egin behar dute familiek, eta, horregatik, ikasmateriala erosteko laguntzak emateko deialdia egingo dugu berriro. Horrela, familiei laguntzen eta haien beharrei erantzuten jarraituko dugu, ekitate printzipioetan oinarrituz”.

Hiri Bultzadako ordezkari Nuria Alzagak programaren beste alderdian jarri du arreta; hau da, bertako saltokietan kontsumitzea bultzatzean: “bultzada ekonomikoa emateaz gain hiriko familiei, laguntza hauek hiriko merkataritzan inbertitzea bultzatzen dute”. Alzagak erantsi duenez, “Bertako ekonomiaren dinamizazioaren adierazgarri garbia da, eta horrelako programen bidez kontsumoa sustatzen jarraituko dugu. 10 uda baino gehiago daramatzagu programa hau eskaintzen, eta babesa ematen jarraitu nahi dugu”.

Laguntzak eskatzeko baldintzak

Programaren edizio honetako aurrekontua 200.000 euro da, eta parte hartzeko baldintzak aurreko urteetakoen antzekoak dira. Batetik, Irunen erroldatutako eta Derrigorrezko Hezkuntzan (Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan edo Oinarrizko Lanbide Heziketan) matrikulatutako haurrak dituzten familiek har dezakete parte. Ez da beharrezkoa eskabidea aurkezteko epearen barruan faktura originalak aurkeztea: faktura eskaneatuak aurkez daitezke, originala gordetzen bada betiere; izan ere, aurrerago, lagin batzuk hautatu eta faktura batzuk eskatuko dira. Fakturek 2025eko ekainaren 21etik irailaren 30era bitartean datatuta egon behar dute.

Eskabideak Udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira, www.irun.org/sede helbidean, Irun Txartela edo digitalki sinatzeko baimendutako beste edozein sistema erabiliz.

Diruz lagundutako gastuak

Diruz lagunduko diren gastuak ere berberak izango dira:

Idazteko materialak eta material suntsikorrak (arkatzak, boligrafoak, ezabagailuak, klipak, zorrozkailuak, erregelak, eskuairak, kartaboiak, angelu garraiagailuak, rotringak, koadernoak, folioak, material informatiko suntsikorrak)

Material ez-suntsikorra (paper zorroak; karpeta sailkatzaileak; artxibagailuak; estutxeak; kalkulagailuak; konpasak; motxilak; testuliburuak, Testuliburuen eta Curriculum Materialen Kudeaketa Solidarioa egiteko Programaren barrukoak eta digitalak barne; bereizgailuak)

Eskolarako beharrezkoak diren jantziak (uniformeak, batak barne; betaurreko edo lentilla zuzentzaileak; Gorputz Hezkuntzarako beharrezkoak diren kirol jantzi eta oinetakoak)

Arte Hezkuntzako, Plastikako eta Ikusizko Hezkuntzako, Teknologietako eta Musikako eskulanetarako elementuak (argizariak, olioak, pinturak, pintzelak)

Ikastetxeak zirkular bidez berariaz eskatzen duen beste edozein material

Zenbatekoak, gora

Laguntzen zenbatekoa 160, 125 edo 100 euro izango da, familia unitateko kide guztien errentaren arabera:

Urtean 30.500 eurotik beherako diru sarrera gordinak dituzten familiek 160 euro jasoko dituzte gehienez ere. Urtean 30.500,01 eta 44.500 euro arteko diru sarrera gordinak dituzten familiek 125 euro jasoko dituzte gehienez ere. Urtean 44.500,01 eta 58.500 euro arteko diru sarrera gordinak dituzten familiek 100 euro jasoko dituzte gehienez ere. 58.500,01 eurotik gorako errenta gordinak dituzten familiek ez dute izango laguntzarik jasotzerik.

Laguntzak eskatzeko prozedura

Ikasmaterialerako laguntzak eskatzeko bi bide daude. Lehena, sinadura elektronikoa erabiliz (Irun Txartela, Izenpe edo NAN elektronikoa) –sinadura elektronikorik ez dutenek Irun Txartela eska dezakete, www.irun.org helbidean. Bigarrena, sinadura elektronikorik ez dutenek, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan edo 010 / 943505152 telefono zenbakietan kontsulta eginda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude