Bidasoa kirol elkartearen lehen taldeak denboraldia amaitu du eta balorazioa egiteko unea iritsi da. Ligan lortutako laugarren postuaz, Europan final laurdenen atariraino iristeaz eta etxean jokatutako Errege Kopaz mintzatu da Gurutz Aginagalde Bidasoa klubeko lehendakaria. Klubeko presidentea hurrengo denboraldiko taldeaz eta harrobiaz ere mintzatu zaigu.
Orain denboraldia amaituta, beste erritmo batean ibiliko al zarete lanean?
Beno, erritmoa batez ere jokalarientzat eta entrenatzaileentzat jaisten da. Guk egunerokotasunean berdin jarraitzen dugu. Partidurik ez izateak lasaitasuna ematen dizu, baina lana ez da hor amaitzen.
Datorren denboraldiari begira hainbat gauza prestatu behar dira, ezta?
Lehenik eta behin aurtengo denboraldia itxi behar da. Asobalek dauzkan exijentziak betetze aldera, dokumentazio guztia aurkeztu behar da, baita hurrengo urtekoa prestatu ere. Beraz, dokumentu aldetik, lan handia dago. Gainera, uda ostean, asanblada izango dugu. Hortaz, lehen taldearen denboraldia amaitzen denean, gainontzeko guztia ez da eteten. Datorren urteko gauza gehienak itxita dauzkagu jada. Horrek lasaitasuna ematen digu, baita gauzak ondo ateratzen direla ikusteak ere.
Zer balorazio egiten duzue denboraldia amaitu berritan?
Ba zalantzarik gabe balorazio positibo bat egin behar da. Urtea arlo ezberdinetan oso positiboa izan da, nahiz eta iruditu azken hilabeteetako emaitzek apur bat iluntzen dutela denboraldia. Orain dela hilabete Europako txapelketan final laurdenetan sartzeko atarian geunden eta bigarren postua azken jardunaldira arte izan genuen eskura. Errege Kopa ere etxean jokatu zen eta azken momentuan ez genuen finalean sartzea lortu. Egindako guztia borobiltzeko horietakoren bat lortu izan bagenu, urte bikaina izango zen. Kirol arloan, emaitzek lana ilundu arren, lortu gabekoak ez du kentzen urte ona izan denik. Beste arloetan ere balorazioa oso positiboa izan da, harrobiarekin egiten den lana aurrera doa. Sozialki ere, jendeak oso ondo aurre egin dio denboraldiari, Artaleku asteburuetan eta baita astean zehar ere dezente bete baita. 1.200 pertsona etortzen ziren partiduen ordutegia aste tarteko egunetara aldatu zenean eta aurtengo denboraldiko media 1.600 edo 1.700 pertsona ingurukoa izan da. Ekonomikoki ere aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, babesle garrantzitsuak lortuz: Naturklima, edo 28 urteren ostean Bidasoak berriro ere izen komertzial bat izatea lortu du Irudek enpresari esker. Egoera oso positiboak daudela esango nuke, klubaren osasun onaz hitz egiten dutenak.
Gainera, denboraldia talde tekniko berri batekin abiatu zenuten, egokitzapen prozesua eskatzen duen zerbait, alegia.
Denboraldi hasieran apur bat kostatu zen, lehen emaitzak ez zirelako onegiak izan. Gerora, hilabete luzez bilakaera oso positiboa ikusi dugu, azkenean nekea nabaritu bada ere. Beraz, hasieran kostatu arren, bidea zein zen jakinik eta horretan konfiantza izanik, aurrerapausoak eman dira.
“Ez da bakarrik datorren urtera begira fitxatu, etorkizunera begira, klub mailako aukeraketa egin da”
Europan final laurdenen atariraino iristea taldearentzat ona dela esango zenuke?
Aurretik dauzkagun erreferentziek erakusten digute Europako txapelketa batek lan handia eskatzen duela. Europan egoteaz gain, maila onean jokatu dugu, baita talde indartsuen aurka ere. Ligako partiduak bikoizteaz gain, bidaiak ere neketsuak dira. Hori guztia gaindituz, taldeak oso paper ona egin duela uste dut. Bai Europan zein Ligan urruti iristea lortu dugu, orain dela 2 urteko egoerarekin alderatuta. Beraz, konparaketak eginda, gure erreferentzia propioek erakusten digute egoeraren zailtasuna eta emandako aurrerapausoak.
Ligan txapeldunordetza errepikatu nahi zenuten, baina ezinezkoa izan da, Europan jokatzeko azken txartela ere galdu duzue.
Garrantzitsua da azken unera arte aukerak izan ditugula. Pena da azkenean lortu ez izana, baina orain bulegoetan gabiltza ea zerbait lortzen dugun. Guretzat garrantzitsua da, klubaren dinamika handitzen doalako eta Europan jokatzea garrantzitsua delako, guretzat zein babesleentzat. Sozialki ere Europan jokatzeak hazten laguntzen digu eta jokalarientzat ere erakargarriagoa da. Orain dela 4 urte ez genuen lortu, egoera berezi bat gertatu zelako; ea aurten lortzeko gai bagaren eta datorren urtean Europan jokatzerik badugun.
Errege Kopa etxean jokatzea berezia izango zen, ezta?
Etxean jokatuta, pena izan zen finalera ez iristea. Aurreko egunean luzapen bat jokatu beharra eta tartean atseden gutxi hartu izana emaitzaren baldintzatzaile garrantzitsuak izan ziren. Jendeak taldeak egin duen ahalegina eskertu du, jokalariek dena eman zuten, eta beraz, zoriontzeko moduan gaude. Azken partiduan segundo gutxi batzuez finalerako sailkatzeko aukera izan genuen, baina ezinezkoa izan zen. Hala ere, Artalekun bizitakoa oso polita izan zen. Eskertuta gaude bai instituzioekin, Kopa Irunera ekartzeagatik, baita zaleekin ere, gure partiduan zein finalean, Bidasoak jokatu ez bazuen ere, emandako bultzada eta irudiarengatik.
“Urteen arteko konparaketak erakusten digu hazten goazela eta hori da garrantzitsuena”
Datorren denboraldiari begira, taldean aldaketa gutxi aurreikusten dituzue?
Jokalari garrantzitsuak badoaz eta hori urteroko dantza izaten da. Guregana datozen jokalari berriak mailari eusteko gai izango direla espero dugu, aurrerapausoak emateko intentzioarekin. Gehienak nahiko gazteak dira, kasuren bat kenduta, progresio handia izan dezaketenak. Ez da bakarrik datorren urtera begira fitxatu, etorkizunera begira klub mailako aukeraketa egin da.
Taldean aldaketa gutxi izanda, esperientziak proiektuari sendotasuna ematen diola uste duzue?
Helburua beti haztea da, eta bide horretan beti momentu onak edo txarrak daude. Bidean gora egin nahi dugu, hobekuntzak bilatuz. Urteen arteko konparaketak erakusten digu hazten goazela eta hori da garrantzitsuena. Datorren urtea ziurrenik ezberdina izango da, talde teknikoaren bigarren denboraldia delako eta jokalari askok ere elkar ezagutzen dutelako. Irabaztea edo galtzea ez dago beti gure eskuetan, baina bai dena ematea.
Indar hori harrobiaren bitartez ere lortzen duzue, etorkizunerako bertako jokalariak trebatzeko.
Gure lehen taldean txikitatik gure klubean ibili diren jokalarien kopurua garrantzitsua da. Taldearen nortasunari indarra ematen diote. Gainera, atzetik datozen gazteak kalitate handikoak dira. Orain dela 6 urte zuzendaritzak klubeko gazteekin lan egiteko erabakia hartu zuen eta orain hasi gara emaitzak ikusten. Horregatik, geroz eta gehiago inbertitzen ari gara harrobian, Bidasoa Isuria bezalako proiektuekin. Eusko Jaurlaritzarekin ere hitz egiten ari gara proiektua lurralde guztian zabaltzeko aukerarik ba ote dugun ikusteko. Neskekin ere lehen senior talde bat sortzea lortu nahiko genuke, urte naturala izan ez arren, ziurrenik datorren denboraldiaren amaieran lortuko genuke. Esan bezala, harrobia zaintzea, nortasun bezala, garrantzitsua da guretzat.



