Hastear da hiriko isuri gutxiko eremua diseinatzeko fasea

Isuri gutxiko eremua sortzeko sortzeko prozesuaren I. fasea, diagnostiko fasea, bukatu berri da. Horrela jakinarazi du Borja Olazabal Irungo Udaleko Hiri Garapeneko, Mugikortasuneko eta Garapen Jasangarriko ordezkariak gaur goizean emandako prentsaurrekoan. Ordezkariak prozesu horretan egindako aurrerapenen berri eman du.

Diagnostiko fasea

Fase horren hasieran, partaidetza prozesu bat jarri zen martxan herritar eta eragileen artean: ordenantza idazten hasteko kontsulta publiko bat, informazioa emateko saio bat eta web bidezko eta kaleko inkestak mugikortasun ohitura eta beharren inguruan. Bada, ondorioak oso interesgarriak izan dira.

Horrela, diagnostiko fasean ez da inongo erabakirik hartu hirian isuri gutxiko eremua sortzeari buruz; besterik gabe, azterketa bat egin da, jakiteko zer-nolako egoeran dagoen hiria mugikortasun ohitura eta beharrei dagokienez eta zer motatako ibilgailuek zirkulatzen duten eta zer-nolakoa den airearen kalitatea hirian. Hastear den fasea, berriz, isuri gutxiko eremua diseinatzeko fasea da, eta hemendik aurrera eta behin ordenantza idatzita erabakiko da zer murrizketa orokor ezarriko den eta zer salbuespen eta luzamendu aplikatuko diren isuri gutxiko eremuaren sorrera graduala izateko.

Olazabalek nabarmendu duenez, “proiektua aurrera doa, Udalak urte askoan aplikatu dituen politika jasangarrien ildotik argi eta garbi, eta lehenengo fruituak ematen hasi da. Hilabete hauetan, ikusi eta aztertu dugu nola mugitzen diren herritarrak eta zer behar dituzten, eta, orain, datuak interpretatuko ditugu, haien beharrei erantzuteko eta aldi berean irundarren bizi kalitatea hobetzeko, horixe baita beti gure lanaren muina”.

Diagnostiko xehea

Honako hauek dira diagnostiko txostenaren alderik aipagarrienak:

  1. Mugikortasunaren azterketa xehea. Urte oso bateko mugimenduak aztertu, eta irundarrek zer mugikortasun ohitura eta behar dituzten ikusi da. Hirian zenbat eta zer motatako ibilgailuak ibiltzen diren zehaztu da, eta Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren ingurumen etiketekin erlazionatu dira:
  • Etiketarik ez dutenak % 16 dira.
  • B etiketa dutenak % 33,62 dira.
  • C etiketa dutenak % 39,49 dira.
  • ECO etiketa dutenak % 3,13 dira.
  • 0 isuriren etiketa dutenak % 0,35 dira.

Hiriko gainontzeko ibilgailuek atzerriko matrikula dute.

  1. Airearen kalitatea. Udalak airearen kalitatea neurtzeko zortzi estazio instalatu ditu, eta Eusko Jaurlaritzako Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarearen unitate mugikor bat ere erabili du, oso datu interesgarriak bildu dituena.

Oro har, neurketa guztiak airearen kalitateari buruzko indarreko araudiaren araberako mugen barruan geratu dira, baina, estazio batzuetan, aztertutako parametro jakin batzuek ez dituzte bete Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioak, askoz ere zorrotzagoak.

Zehazki, Iparralde eta Elizatxo hiribideetako estazioetako neurketak izan dira kezkagarrienak ingurumenaren ikuspegitik, baita, neurri txikiagoan bada ere, Colón ibilbideko estaziokoak, eta, beraz, kutsadura murrizteko, leku horietan jarri beharko litzateke arreta nagusiki. Diagnostiko dokumentuaren arabera, isuriak arintzeko neurriak har litezke bertan, hala nola garraiobide jasangarriak erabiltzea, kutsadura iturriak kontrolatzea, berdeguneak sustatzea eta herritarrak gozatzeko tokiak errekuperatzea.

Azken Portuko, Palmera-Monteroko, Letxunborro hiribideko eta Hondarribia kaleko balioak, berriz, neurrizkoak izan dira, eta isuri gutxien, azkenik, Eguzkitzaldea inguruan neurtu da.

Airearen  kalitatea hobetzeko helburuek (isuri gutxiko eremua sortuta eta Hiri barruko Mugikortasun Jasangarrirako Planak xedatzen dituen neurriak hartuta lortu nahi direnek) aipatutako erakundeak emandako gomendioak betetzea izan beharko lukete jomuga.

  1. Herritarrei egindako inkestak. Diagnostikoa egiteko partaidetza prozesuaren hasieran, ia 600 inkesta egin ziren, oso ondorio interesgarriak eman dituztenak. Adibidez, elkarrizketatuen % 63 bat etorri ziren, neurri batean edo bestean, Irunen isuri gutxiko eremua sortzearekin.

Behin eremua sortuta nola sartuko ziren galdetu, eta % 85ek erantzun zuten oinez, bizikletan edo autobusean joango liratekeela.

Azkenik, eremua sortzeak helburu hauetako bakoitza lortzen lagunduko lukeen galdetu, eta honako hauek izan ziren baiezkoa erantzun zutenen ehunekoak:

  • Osasun publikorako eta ingurumenerako arriskuei aurrea hartzea: % 69
  • Adinekoen eta haurren segurtasuna handitzea: % 62
  • Espazio publikoa jendearentzat errekuperatzea: % 61
  • Airearen kutsadura eta zarata txikitzea: % 49

Hurrengo pausoak

Behin lehenengo fasean bildutako datuak jasotzeko dokumentu bat prestatuta, bigarren faseari ekingo zaio, isuri gutxiko eremua diseinatzeari, eta, era berean, ordenantza arautzailea landuko da, hasieran onartzeko dokumentuak aldi berean izateko prest.

Prozesuan parte hartzen ari diren eragileek gehiago eta modu praktikoagoan esku hartuko dute fase honetan Hilaren 8an, Udaleko talde politikoekiko bilera bat egin zen, eta, aurrerantzean, honako hau izango da bide orria.

  • Azaroaren 14an, Jasangarritasun Energetikorako Partaidetza Batzordea bilduko da.
  • Azaroaren 20an, 18:30ean, herritar eta elkarteentzako tailer bat egingo da, Palmera-Montero Guneko 2. aretoan.

Herritar informatu eta aktiboak

Gardentasunarekin eta jende guztiaren parte hartzearekin konprometituta, Udalak hainbat plataforma jarriko ditu herritarrak proiektuaren bilakaerari buruz informatzeko, sare sozialetan zein bere webgunean.

Kanpo aholkulariak

Irungo Udalak TECH friendly SL eta Colin Buchanan Consultores SA enpresek osatutako aldi baterako enpresa elkartea kontratatu du isuri gutxiko eremua sortzeko proiektua zehazteko eta hura arautzeko ordenantza idazteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude