Zaisa Txingudik denboraldiko lehen garaipena lortu du

Argazkia: Zaisa Txingudi eta Gaztedi Bren arteko partida 2022/23 denboraldian (Iturria: Txingudi errugbi kluba).

Zaisa Txingudik denboraldiko lehen garaipena lortu du. Norgehiagoka gogorra izan dute Mungian, baina markagailua iraultzea lortu dute. Azkenean partidua 22-15 markagailuarekin irabazi dute.

Iñigo Camarero Tausek eta Leire Muñoz Caok Aitor Asurmendi, Xabi Sánchez, Aritz Rodriguez, Jenő Kocsis, Jon Mediavilla, Imanol Rodriguez, Carlos Lora (kapitaina), Hector Pescador, Ioritz Franco, “Lutxo” Echevarria, Pablo Besga, Mikel Genua, Ekain Hiribarren, Odin Gutierrez eta Alberto Robleda lerrokatu ditu hasieratik gaur Atxurizubin Uribealdea Mungiaren aurkako partidan. Odei Alonsok aulkian hasi du partida.

Mugakoak ez dute partida ondo hasi eta etxekoak beraien esperientzia probestu dute aurretik jartzeko 3. minutuan, entsegu bat eginez (0-5). Segituan erantzun dute eta, hiru minutu geroago, Ekain Hiribarrenek marka lortu du (5-5). Aurreko partidetan antzera, defentsa gogor ibili da ahariaren hamabostekoa eta etxekoen erasoak gelditu ahal izan dute.

Hogeigarren minutuan, mugakoek beste bost puntu lortu dituzte “Lutxo” Echevarriaren entsegurari esker (5-10). Atsedenaldira irabazten iritsi da Txingudi, baina Uribealdeak edozein momentuan eman ziezaioken buelta partidari. Izan ere, bigarren zatiko bosgarren minutuan, etxekoen bigarren entsegua eta eraldaketa iritsi dira (12-10). Hamar minutu geroago, aldea handitu dute hagen artean ostikatutako zigor kolpe batekin (15-10). Uribealdeak norgehiagoka kontrolpean izan du ordura arte, markagailuan baina baita ere jokoan. Txingudik animoak baretu behar izan ditu jokaldiak eratzen joateko pixkanaka eta bizkaitarrak pixkanaka gailentzeko.

Erreakzioa 73. minutuan iritsi da, Carlos Lorak defentsa-lerroa hautsi du eta Ekain Hiribarreni eman dio baloia honek berrogeita hamar metro korrika egin eta entsegua lortzeko. “Lutxo” Echevarriak ez du hutsik egin ostikada botatzerakoan eta Zaisa Txingudik aurrea hartu du (15-17). Beste kolpe bat emateko aukera ere izan dute.

Amaitzeko hiru minutu falta zirela, Ioritz Francok bizkaitarrek eskuin hegalean utzi duten zuloa ikusi du eta entsegu eremura bakarrik iritsi da hirurogei metroko sprinta egin ondoren (15-22). Garaipen honek sailkapenean ez du eraginik izango, Zaisa Txingudi azken postuan jarraituko baita lau punturekin. Hala ere, taldearen animoak igo ditu, hurrengo partidarako garrantzitsua izango dena, Logroñora bidaiatu beharko baitu.

Garaipenik ez Biok Txingudirentzat

Liderraren etxean jokatu du Biok Txingudik irabaztea lan zaila izango zela jakinda, baina ezer ez dela ezinezkoa ere argi izanda. Lehenengo minutuetan baloiak ez du jabe argirik izan eta erasoak alde batetik zein bestetik gertatu dira. Hamargarren minutuan, Txingudi izan da markagailua irekitzekotan egon dena, baina zigor kolpearen jaurtiketak zutoinean eman du.

Lehen unetik argi geratu da aurkariaren akatsak aprobetxatzen jakingo zuen taldeak eramango zuela garaipena eta hori Gaztedi izan da. 11. minutuan, kanpora atera ez den ostikada bat aprobetxatuz, etxekoen lehenengo entsegua iritsi da eta, 28. minutuan, ruck baten defentsan sortutako hutsunea baliatuz, bigarren marka egin dute (12-0).

Gaztediren animoek gora egin dute, jokoaren intentsitatea ere igo da eta, atsedenaldiaren aurretik, beste bi entsegu lortu dituzte 32 eta 40. minutuetan (24-0).

Bigarren zatian, Biok Txingudik ez du etsi eta markagailua iraultzera atera da zelaira. Lehenengo minutuetan gertatu den antzera, indarrak parekatuak egon dira, baina gasteiztarrak izan dira egoera kontrolpean izan dutenak. Puntuak 47. minutuan iritsi dira, etxekoen entsegu eraldatu batekin (31-0) eta, 7 minutu geroago, aldea handitu dute beste entsegu batekin (36-0). Mugako taldeak gasteiztarren zelaian jokatzeko aukera izan du, baina ez du lortu markagailua mugitzea. Azkeneko minutuetan, beste bi entsegu lortu ditu amaierako 48 eta 0a jartzeko.

Biok Txingudiren hamabostekoan Alazne Macicior, Garazi Santos, Saioa Gartzia, Sandra Ramos, Camille Buros, Lohitzun Aia, Miren Fernández (kapitaina), Lea Etxebarrieta, Enara Arruti, Alba Saiz, Laida Rodríguez, Paola Vega, Naroa de la Fuente, Uxune Aranburu eta Leire Muñoz Cao aritu dira. Aulkian hasi dira Maren Santa Cruz, Lucia Duran, Haizea Rodriguez, Lupe Pescador Maddi Garmendia, Maddalen Alberdi, Irati Beraiz eta Lur Gaston.

Sailkapenean ez dago aldaketarik eta Biok Txingudi beste aste batez mantenduko da bigarren postuan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude