Herkulesen abenturak

Modu batean zein bestean, denek izan dugu noizbait Herakles heroiaren berri (erromatarrek Herkules deiturikoa). Oiasso Museoa familian eta modu dibertigarrian ikusteko “Herkulesen 12 probak” deituriko aplikazioa dugu eskura. Honen bitartez, museoa enigma batzuk argituz eta hamabi proba gaindituz ezagutzeko aukera dago. Baina, fikziozko film eta marrazki bizidunetatik haratago, ba al dakizu nor zen Herkules? Artikulu honetan heroi honen bizitza labur azaltzen saiatuko gara.

Heraklesen abenturen zikloak Egeoko eta ekialdeko mitologien eragina dauka. Ziklo hau hainbat bertsio ezberdinetan kontserbatu da, zenbaitetan hauen artean kontraesan ugari daudelarik. Dena den, bertsio denek bat egiten dute Herakles argibotarra eta Perseidatarren sendiko (alegia, Perseo heroiaren ondorengoak) kide zela esatean. Hala, tradizioaren arabera, Tirinto hirian Alkmena eta Anfitrion deituriko bikotea bizi zelarik, Zeus jainkoa Alkmenarekin oheratu zen Anfitrion kanpoan zegoela aprobetxatuz. Azken hau bueltatzean, bere emazte Alkmenarekin oheratu eta hilabeteak pasata emakumeak bi seme izan zituen, Herakles, indar handikoa eta Zeusen seme zena, eta Ifikles, Anfitrionena.

Zeusek jainko-jainkosen artean jaiotza honen berri eman zuen, haurra perseidatarren artean indartsuena eta nagusi izatean Argoseko errege izanen zela aditzera emanez. Hera, Zeusen arreba eta emaztea zena, guztiz jeloskor jarri eta, arrakastarik gabe, Herkules haurraren egunerokotasuna oztopatzen eta hura hiltzen saiatu zen.

Herkules nerabea Tebas hiri greziarrean hezi zen eta gaztetatik geratu ziren agerian borroka eta gerrarako zuen abilezia. Dena den, arte ederretan ez zen batere trebea eta erraz amorratzen zen, behin bere musikako irakaslea hiltzera iritsi zelarik. Ondorioz, Anfitrionek ardiak zaintzera zigortu zuen 18 urte bete arte. Behin Herakles artzain gisa mendian zegoela, Tespis erregeak inguruetan zebilen Ziterongo lehoia ehizatzeko eskatu zion. Ehizak 50 egun iraun zuen eta heroiak erregearen jauregian egiten zuen lo. Epe horretan, Tespisek bere 50 alabak Herkulesekin oherarazi zituen guztiak haurdun utziz. Denborarekin, seme hauekin Sardinian kolonia bat sortu zen. Gerora, Heraklesek Tebas hiriari Orkomenokoa militarki garaitzen lagundu zion.

Sari gisa, jainkoek arma berriak oparitu zizkioten eta Tebasko Kreon erregearen Megara izeneko alabarekin ezkondu zen. Ordea, Hera jainkosak sorrarazitako amorrazio eraso batean, Heraklesek Megararekin izandako hiru semeak eta Ifiklesen biak hil zituen. Bere onera itzulita eta damuturik, heroiak Delfoseko Orakulura jo zuen aholku bila. Azken honek bere etsai Euresteogana, Tirinto eta Mizenasko erregearengana joateko gomendatu zion eta erregeak 12 proba ezarri zizkion.

12 probak

1.- Nemeako lehoi-munstroa ehizatzea.

2.- Lernako Hidra hiltzea.

3.- Bere abiaduragatik ospetsua zen Zerineako oreina ehizatzea.

4.- Erimantoko basurde erraldoia harrapatzea. Misio honetan Heraklesek zentauro batzuekin hartueman bat izan zuen eta hauetako zenbait hil zituen.

5.- Augias erregearen ukuiluak egun bakar batean garbitzea. Bukatzean, Augiasek bere ganaduaren heren bat entregatzearen promesa hautsi zuenez, Heraklesek erregea eta bere semeak hil zituen.

6.- Estinfaloko hegazti haragijaleak ehizatzea.

7.- Kretako zezen erraldoi basatia otzantzea.

8.- Traziako errege zen Diomedes hil eta bere behor haragijaleak lapurtzea.

9.- Amazonen erregina zen Hipolitaren gerrikoa, Ares jainkoak oparitutakoa, lapurtzea.

10.- Gerion munstroaren idiak lapurtzea.

11.- Hesperideen lorategiko urrezko sagarrak lapurtzea. Abentura honetan Prometeo askatu zuen.

12.- Infernuko atea zaintzen zuen Zerbero hiru buruko txakur-munstroa harrapatu eta Euresteogana eramatea.

Hamabi proba hauek arrakastaz beteta, Herkulesek munduan zehar abenturaz abentura jarraitu zuen, hauetako batean Troia hiria ere zakuratuz. Azkenean, Neso zentauroaren trikimailu baten bitartez, heroia pozoitua izan zen eta minaren minez, heriotza besarkatzea erabaki zuen. Hiltzean, jainkoek Herakles Olinpo mendian onartu zuten, hilezkortasuna lortuz eta bera ere jainko bilakatuz.

Herkulesekiko gurtza mundu greko-erromatarrean oso zabaldua zegoen eta eraikin ugari jaso ziren bere omenez, garrantzitsuena Erromako Ara Maxima izanik. Zenbait jai erlijiosotako protagonista ere bazen, Herculi Musarum (ekainak 30) eta Herculi Invicto (abuztuak 12) esate baterako, eta gerlari, kirolari eta gimnasioen jainko babesle kontsideratzen zuten.

Jokin Lanz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude