Aralar mendilerroa: Sarrastarritik, Lareoko urtegia igaro, eta Sarrastarriko kobazulora

GORKA MARTINEZ
unpaisenmimochila.blogspot.com

Denbora: 3 ordu eta 30 minutu (geldialdirik gabe).

Gailurrak: Sarastarri (995m) eta Leitzadi (948m).

Zailtasuna: Erraza. Desnibel gutxiko ibilbidea, orokorrean ibiltzeko lur erosoz osatua.

Sarrastarri Aralar mendilerroko gain txiki bat da, Lareoko urtegiaren gainean kokaturik dagoena. Gailurrean, berriz, arkeologo eta espeleologoentzat oso erakargarria den Sarastarriko kobazuloa bisitatu daiteke.

Ibilbideari hasiera emateko kotxea Atauneko (Gipuzkoa) Urkillalaga gainean utziko dugu. Lareoko urtegira iritsi arte GR-20 seinaleak jarraituko ditugu, nahiz eta ibilbidean zehar leku interesgarriak ezagutzeko desbiderapenen bat egingo dugun. Ibilbidearen lehen 30 minutuetan zuhaitz hostotsuz beteriko bide batetik igaroko gara, ingurune zabalago batera iristen garen arte.

Aukera moduan, ibilbidea alde batera utzi dezakegu momentuz, Leitzadiko gainera igo eta inguruko bista panoramikoaz gozatzeko. Bidera itzuliz, Laoreoko urtegi eta Txindoki mendiak eskaintzen dizkiguten bista ederrez gozatzeko aukera izango dugu, Agaotzeko gainarekiko paraleloan igarotzen garen bitartean.

Bidean aurrera eginez Sarastarriko gainera iritsiko gara, hau da, ibilbide honetako punturik altuenera. Gailurreko bistez disfrutatu ostean, GPSa martxan jarriko dugu Sarastarriko kobazuloa bisitatzeko. GPSak emandako oharrak jarraitzea gomendatzen da, ez baitago kobazulorako bidea seinalatzen duen kartelik.

Kobazulotik irten eta GR-20 bidea hartuko dugu berriro ere Lareoko urtegiraino iristeko. Urtegian bazkaldu ostean, etxerako bideari ekingo diogu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude