Irungo udalak alarma egoeraren ondorioz itxi behar izan ziren espazioak berriro irekitzeko lanean jarraitzen du. Azken egunetan zehar momentura arte itxita zeuden guneak pixkanaka zabaltzen joan dira eta ostegun honetan aurrerantzean erabilgarri egongo diren beste zenbait espazioren berri eman da.
Konfinamendua arintzeko hirugarren fasearen harira Eusko Jaurlaritzak ekainaren 7an igorritako dekretua jarraituz, asteburu honetatik aurrera Santiago zubiko skate park-a, auzoetako aire zabaleko frontoiak, Uranzu frontoi txikia, Anzaraneko tenis pista eta txakurrentzako parkeak berriro erabili ahalko dira. Hala ere, espazio hauen erabilera agintariek ezarritako segurtasun neurri kolektibo zein indibidualak errespetatuz egin beharko da.
Era berean, udalaren titulartasunezkoak diren espazio publikoen itxiera bertan behera gelditu ostean, jarduera barne-jarduerara edo pertsonen arreta indibidualera mugatuta egongo da soilik, beraz, ezingo da taldeko jarduerarik aurrera eraman. Murriztapen hau hirugarren fasea iraun bitartean egongo da indarrean, ondoren, ohiko jarduera berreskuratu ahalko delarik, beti ere, normaltasun berriaren barnean adostutako segurtasunezko oinarrizko neurriak errespetatuz.