Irungo Udalak euskararen errefortzurako eskolak eskainiko ditu udan Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat

Irungo Udaleko Euskara Arloak jakinarazi duenez, uda honetan euskarako errefortzu eskolak eskainiko dizkie Bigarren Hezkuntzako ikasleei. Ekimena doakoa izango da familientzat, eta “pandemiak aurrez aurreko eskolak etenarazi zituela-eta ikasleek udan euskara praktikatzea izango da helburua. Ildo horretatik, eskolen edukiek, batez ere, mintzamena hobetzea, zalantzak argitzea eta gramatika sendotzea izango dute helburu”, azaldu du Mónica Martínez ordezkariak. Programak kontuan hartuko ditu segurtasun neurriak, eta taldeak txikiak izango dira, hamabost ikaslekoak.

Egutegia eta ordutegiak

Lehenengo txanda uztailaren 17tik 30era bitartekoa izango da; bigarrena, abuztuaren 3tik 14ra bitartekoa; eta hirugarrena, abuztuaren 17tik 28ra bitartekoa. Eskolak egunero emango dira, 15:00etatik 17:00etara bitartean, eta ekainaren 17tik ekainaren 27ko 13:00etara bitartean eman beharko da izena, www.irun.org webgunearen bidez, datu hauek emanda: izen-abizenak, helbide elektronikoa, telefono zenbakia, aukeratzen den txanda, institutuaren izena eta ikasmaila. Ez da onartuko epez kanpo izena ematen duen ikaslerik.

Eskabideak institutuetako arduradunekin kontrastatuko dira, izena ematen dutenek behar handia, tartekoa edo txikia duten egiaztatzeko. Izan ere, beharrik handiena duten ikasleek lehentasuna izango dute, eta, aurkezten den eskabide kopurua handiagoa bada toki kopurua baino, txanda bakoitzeko zozketa bat egingo da, Euskara Arloaren bulegoetan, uztailaren 2an, 10:00etan; ondoren, Udala interesdunekin harremanetan jarriko da.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude