Irungo Udalak, Mugikortasun arloaren bidez, jakinarazi du enpresaren hornikuntza arazoak direla eta, atzeratu egingo dela TAO aparkaleku zerbitzu araugilearen gune berrien martxan jartzea. Hasiera batean, maiatzaren 1ean, herenegun, egitea aurreikusita zegoen. Udaletik adierazi dutenez, hurrengo agindura arte luzatuko da gune berrien aktibazioa.
Egoera honen aurrean, Udalak enpresari azalpenak eskatu dizkio. Honek sistema martxan jartzeko konpromisoa hartu du parkimetroak izan bezain laster. Bitartean, margotze lanekin jarraituko da zonalde ezberdinetan, Artia eta Larreaunditik hasita, 14 eta 15 eremuak. Seinaleztapen bertikala eta makinen euskarriak falta dira.
Horrela, TAO zerbitzu berriarekin, beste lau eremu sortuko dira: 14 eremua Artia, 15 eremua Larreaundi, 16 eremua Elizatxo eta 17 eremua Kostorbe-Gal. Gaur egun, araupean aparkatzeko 5.141 toki daude hirian, hamahiru eremutan banatuta. Alabaina, azken urteetan, aparkatzeko arazoak izan dira Artian, Larreaundin, Elizatxon eta Kostorbe-Gal inguruan, auzotarren artean batez ere, eta, egoerari aurre egiteko, auzo horietan lau eremu eta araupean aparkatzeko 2.996 toki berri sortzea erabaki du Udalak.
Horrela, aurrerantzean, araupean aparkatzeko 8.137 toki izango dira hirian: 1.247 urdin, 6.487 berde, 23 gorri eta egoiliarrentzako 380 zuri. Aipatutako neurriaren helburua aparkatzeko arazorik larrienak dauden auzoetan toki gehiago izatea eta espazio publikoaren erabilera ekitatiboagoa bermatzea da.
Txartel berrien eskaria
Egun, Udalak 1.840 aparkaleku txartel izapidetu ditu osora, hurrengo banakapenaren arabera:14. eremuan, Artian 953 txartel, 15 eremuan, Larreaundin 570 txartel, 16 eremuan, Elizatxon 300 txartel eta 17 eremuan, Kostorbe-Galen17 txartel.
Ordainagiria helbideratuta duten pertsonei ez zaie kobrua egingo zerbitzua martxan jarri arte. Hala nola, egoiliar txartela izateko zenbatekoa ordaindu dutenentzat, Udalak proportziozko atala itzuliko du zerbitzua martxan ez dagoen bitartean.
Eremu berrietan bizi direnek egoiliar txartela eskatu ahalko dute, eta, haren bidez, titularrak denborazko inongo mugarik gabe aparkatu ahalko du dagokion eremuan. Alde horretatik, etxebizitza bakoitzak egoiliar txartel bakarra eskatu ahalko du.
Irungo Udalaren egoitza elektronikoan eska daiteke txartela, www.irun.org/sede helbidean, Irun Txartelaren edo beste ziurtagiri elektroniko baten bidez eremu berrietan aparkatzeko txartela eskatuta, edo aurrez aurre, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan.
Duda edo kontsultarik izanez gero, herritarrek 943505152 edo 010 telefono zenbakira deitu dezakete, eskaera egiteko azalpenak jasotzeko, baita egoiliar txartela eskatzeko ere.
Araupeko ordutegi berriak
Aldaketaren ondorioz, Udalak ordutegi desberdinak finkatu ditu eremu zahar batzuetarako:
- Eremuak: 1, 2, 3, 4, 5, 6, 8, 9 eta 12
o Astelehenetik ostiralera, 09:00-13:30 eta 15:30-20:00
o Larunbatetan, 09:00-13:30
- Eremuak: 13, 14, 15, 16 eta 17
o Astelehenetik ostiralera, 09:00-13:30 eta 15:30-18:00
- Eremuak: 7, 10 eta 11
o Astelehenetik igandera, 09:30-19:30
Egoiliarrentzako eremu berriak
Hiri osoko egoiliarrentzako tokien kopurua ere handituko da: gaur egun, 189 toki zuri daude, eta, aurrerantzean, 420 izango dira.



