Urtero, apirilaren 8an, egun berezi bat ospatzen da: Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna. Data berezi hori dela eta, Irunen ijito herriarekin loturiko hainbat ekintza egin ziren. Udaletxean eguneko komunikatua irakurtzeaz eta bandera jartzeaz gainera, tailerrak eta hitzaldiak antolatu zituzten Kale Dor Kayiko eta Kera elkarteek.
Apirilaren 8an Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, egun horretan bertan, 1971n, ijitoen bandera eta ereserkia ezarri baitziren. Seroken egindako Ijitoen Nazioarteko IV. Biltzarrean, Poloniak Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna izendatu zuen apirilaren 8a, Londresko Kongresu horren data, hain zuzen ere. Egun hori aukeratu zen Londresen egin zen Munduko Erromani/Ijito Biltzarra gogorarazteko.
2025eko Ijito Herriaren Nazioarteko Egunaren ospakizunak goizeko 11:00etan hasi ziren. Irungo Udaletxeko bilkura aretoan harrera egin zieten Cristina Laborda Irungo alkateak eta Iosu Iguiñiz Gizarte Ongizateko ordezkariak. Bertan, hiriko ijito elkarteetako ordezkariek eguneko komunikatuaren irakurketa egin zuten. Ekitaldian ijitoak Iberiar penintsulara iritsi zirenetik 600 urte igaro direla azpimarratu zuten, Alfontso V. erregeari zuzendutako eskutitza irakurriz.
Bandera udaletxeko balkoian
Irakurketa amaitutakoan Irungo Udaletxeko balkoira atera ziren ordezkariak, Ijito Herriaren bandera eskuetan zutela. Izan ere, elkarteetako kideek adierazi dutenez, askorentzat oraindik ezezagun den bandera da. Ijitoen banderak hiru kolore ditu guztira: urdina, berdea eta gorria. Goiko zerrenda, kolore urdinekoak, historian zehar ijito herriaren sabaia izan den zerua irudikatzen du. Beheko zerrenda berdeak aldiz, zelaia, ijitoek landu izan duten lurra. Banderaren erdian berriz, kolore gorriko gurpila ikus daiteke, Indiatik egindako bidean, beren jatorria gogoratuz munduan zehar eraman dituen gurpila irudikatuz. Era berean, historian zehar isuritako odola ere irudikatzen du kolore gorriak.
Iaz, 2024an, apirilaren 8an Ijito Herriaren Bandera udaletxeko balkoian zintzilikatzeko ohitura berreskuratu zen urte askoren ostean. Horrela, aurten ere ekitaldira gerturatutako ijitoek argazkia egin zuten udaletxe aurrean, banderaren azpian. Kokapen berean, baina arratsaldez, Irungo San Juan plazak hiriko ijito elkarteek antolatutako tailer ludikoak hartu zituen, Modu horretan, ijito herriari ikusgarritasuna emateaz gain, beren historia eta kultura ezagutarazten laguntzeko.
Emakume ijitoak hitzaldigai
Aurretik aipatutako ekintzez gain, emakume ijitoek protagonismo berezia izan zuten 2025eko ospakizunetan. Izan ere, Kera elkarteak, Emakume Ijitoen Elkarteak, Irungo Udaleko Berdintasun zerbitzuaren bitartez antolaturik, apirilaren 9an hitzaldia eman zuen Irungo Emakumeen Etxean. “Emakume ijitoak: iragana, oraina eta geroa” izenburua jarri zioten emakume ijitoen errealitatea erakusteko helburua izan zuen jarduerari.
Palmira Dual eta Ane Toledo, Kera elkarteko kideek gidatu zuten hitzaldia. Ekitaldian Ijito Herriaren historiaren eta nortasunaren inguruko sarrera orokor bat egin zuten, entzuleak kokatzeko. Jarraian, ijito herriak historikoki jasan izan duen zapalkuntza azaltzera pasa ziren, ijitoen kontra Espainian, Euskadin eta baita Irunen ere izan diren legeetan sakonduz.
Hitzaldiak aurrera egin ahala, emakumeek ijito herriaren barnean duten paperaz aritu ziren, berriro ere, uste okerrak ezeztatuz. Hizlariek azaldu zutenez, emakume ijitoak historikoki beti arketipoen beste muturrean jarri izan dira azaldu dute. Era berean, ijito familien barnean emakumeak izan duen rolaz ere aritu ziren.
Hitzaldiaz gain, tailerra ere izan zen eta bertaratu zirenek emakume ijitoekin loturiko aurreiritziak azaltzeko dinamika batean parte hartu zuten. Horretarako, kartulina batean emakume ijitoei eta emakume ijitoak ez direnei loturiko aurreiritziak itsatsi zituzten. Ariketa horren bidez batzuetan ezkutuan dauden aurreiritziak ikusgarri egin ziren. Jarraian, Palmirak eta Anek estereotipo hauen zergatiak eta bilakaera azaldu zituzten, nola sortu diren ulertzen laguntzeko.
Ekitaldiaren amaieran, berriz, emakume ijitoek, baita gizarteak orokorrean, etorkizunera begira dauzkaten erronkez mintzatu ziren, hainbat helburu zehatz zerrendatuz. Batetik, ijitoen kontrako genero jarrera nahiz ijito feminismoa aitortzea, askoren usteen kontra, existitzen direlako. Bestetik, aldarri historiko bat azpimarratu zuten berriro, hau da, ijito populazioarekiko diskriminazioa murriztea. Era berean, eskolan ijito haur eta gazteen arrakasta sustatzeko beharra nabarmendu zuten, ikasleak eskola porrotetik urruntzeko motibazio eta aukera berdinen beharra aldarrikatuz. Azkenik, ijito herriaren bizi baldintzak zenbait arlotan hobetzeko arrazoiak eman zituzten, hala nola, etxebizitzan, enpleguan, hezkuntzan edo osasunean. Beraz, apirilaren 8a urtero ospatzen den ospakizuna izan arren, arrazakeriatik urrun, aukera berdintasunean oinarritutako gizartea lortzeko egiteko asko dagoela erakutsi dute berriro ere.



