IlCapo Hondarribia Bidasoak ostiral honetan hasiko ditu denboraldiaurreko lagunartekoak. Diego Lorenzoren taldeak irailaren erdialdean Hondarribian jokatuko den Ligako debutari begira erabiliko dituen bost partidetatik lehena izango da.
Hondarribiako taldeak Euskal Kopako ligaxkako lehen norgehiagoka jokatuko du Amenabar Zarautzen aurka, ostiralean, 20:00etan, Zarautzen. Amenabar Zarautz ere Espainiako Lehen Mailako C multzoko taldea izango da, aurreko denboraldian Zilarrezko Ohorezko Mailatik jaitsi ondoren. Euskal Kopako lehen fase honetan, zarauztarren aurkako test zorrotzaz gain, hondarribiarrek beste bi norgehiagoka jokatuko dituzte: Ereintza Aguaplasten aurka irailaren 3an eta Trapagaranen aurka, irailaren 10ean.
Prestaketa uda honetako egutegia beste bi hitzorduk osatuko dute: larunbat honetan, abuztuaren 26an, Pau Nousty Sports Handball taldearen aurka Artalekun 18:00etan, eta irailaren 2an, Uharte-IlCapo Hondarribia Bidasoa neurketarekin.
Diego Lorenzok bigarren denboraldiz jarraian entrenatzen duen taldea azken denboraldietan bezala Bidasoa Irunekin lan egiten duten jokalari gazteez eta Euskal Ligako jubenilez indartuta izango da denboraldian zehar. Ligako lehen hitzordua irailaren 15eko asteburuan izango da Hondarribian, Aragoiko Utebo taldearen aurka.