Irati Beorlegi, oztopo-lasterketetako kirolaria: “Mota desberdineko oztopoak gainditzeko trebetasun ezberdinak izatea garrantzitsua da”

Irati Beorlgik gimnastika erritmikoaren bitartez izan zuen kirolarekin lehen kontaktua. ETBk ekoiztutako “El Conquistador del Fin del Mundo” saiotik igaro ostean, oztopo-lasterketak probatu zituen eta estatu mailan hiru modalitate ezberdinetan garaile izatea lortu zuen 2019. urtean. Hemen inguruan ezagunegia ez den kirol honen gakoak azaldu ditu.

Zein kirol modalitatean zabiltza zu?
Oztopo-lasterketak egiten ditut. Kirola OCR deitu arren, jendeak “Spartan Race” markaren izenez ezagutzen du. Menditik egiten diren lasterketak dira, lokatz artean, oztopo ezberdinak gaindituz eta leku desberdinetatik zintzilikatuz, besteak beste.

Zerk eraman zintuen horrelako lasterketak probatzera?
ETBko “El Conquistador del Fin del Mundo” programan parte hartu ostean ezagutu nituen. Telebista saiorako prestatzeko Hernaniko Denontzat gimnasioan entrenatzen hasi nintzen Ismarekin. Ostean, oztopo-lasterketak egiten zirela deskubritu nuen eta, probak asko gustatu zitzaizkidanez, lehen oztopo-lasterketa probatzea erabaki nuen.

Horrela, hiru modalitateetan Espainiako Txapeldun izatera iritsi zara, ezta?
Bai, ligan, lasterketa laburretan eta luzera handiko lasterketetan zehazki. Nire lehen lasterketan 6. postua lortu nuen eta lehen bost sailkatuak mundialean sartzen zirela jakin nuenean, entrenatzen jarraitzeko erabakia hartu nuen. Aurretik gimnastika erritmikoan ibiltzen nintzen eta lehen urte hartan bi kirolak uztartu nituen. Hurrengo urtean, berriz, oztopo-lasterketetan zentratu eta gehiago entrenatzen hasi nintzen. 2019an liga guztia egin nuen. Lehen lasterketa urtebete beranduago errepikatu eta lehen postua lortu nuen. Emaitzarekin harrituta gelditu nintzen lehiakideen maila ikusita eta entrenatzen jarraitzeko motibazioa eman zidan horrek. Liga irabazi nuen, lasterketa guztien emaitzak batu ostean eta nazionalean distantzia luze eta laburreko txapelketetan nagusitu nintzen.

Nolakoa izan zen Europa eta mundu mailako txapelketetara salto egitea?
Estatu mailan oztopo-lasterketak ez dira oso ezagunak, ez baitago federaziorik, hortaz, Spartan Race eta OCR lasterketak bereizten dira. Egia da, hemendik kanpo, Europan eta munduan zehar oztopo-lasterketak ezagunagoak direla, beraz, lehia-maila altuagoa da eta federazioen eragina nabaria da. Maila horretako txapelketak probatu ahal izateko zortea izan nuen eta bestelako oztopoak ezagutzeko aukera eman zidan horrek.

Nolako eragina izan du osasun krisialdiak zure entrenamenduetan?
Euskadi mailan horrelako probak prestatzeko Denontzat gimnasioak daude eta oztopo-lasterketak prestatzeko oso aproposak dira. Hor entrenatzen hasi nintzen eta konfinamenduan, berriz, etxean estruktura moduko bat eraiki nuen, jende gutxiago elkartu eta ibiltzen den tokietan entrenatu ahal izateko. Orain batez ere menditik korrika entrenamenduak egiteko aprobetxatzen ari naiz. Azken finean, oztopoak gainditzea eta korrika egitea eskutik doaz kirol modalitate honetan.

Aurretik gimnastika erritmikoa praktikatzea lagungarria izan zitzaizun oztopo-lasterketen munduan murgiltzeko erabakia hartu zenuenean?
Bai, egia esan, gimnastika erritmikoari esker oztopoak igarotzerako orduan orekaren kontrol ona nuela ikusi nuen. Lasterketan orekarekin loturiko probak daude eta hainbat urteetan gimnastika erritmikoa praktikatu ostean, oreka aldetik ondo nabilela ikusi dut. Hortaz gain, nolabaiteko trebetasuna dut, izan ere, tximinoen antzera ibiltzea asko gustatzen zait eta oztopoetatik zintzilikatzerako gaian nabaritzen den zerbait da. Mota desberdineko oztopoak gainditzeko trebetasun ezberdinak izatea garrantzitsua da. Era askotako proba horien artean, badira pisuarekin zerikusia dutenak.

Nola lortu zenuen “El Conquistador del Fin del Mundo” programan parte hartzeko aukeratua izatea?
Nire bizitzako esperientzia onena izan dela esan dezaket, izan ere, telebista saioan parte hartu ostean nire bizitza guztiz aldatu da. Aurretik oso bizi estilo lineala nuela esango nuke eta orain, aldiz, ni neu nolako naizen ezagutzeko aukera eman dit eta abenturarekiko grina piztu dit. Gauza berri asko ezagutzeko aukera izan dut eta horrek nire izaera aldatu duela esango nuke. “El Conquistador del Fin del Mundo” programan parte hartzea sekulako esperientzia da eta oso erakargarria da proba ezberdinak egiteko aukera eskaintzen duelako. Ezer gabe uzten zaituzte zure egoera berdinean dauden beste pertsona batzuekin eta zaila da egoera kudeatzen jakitea. Erronka horrek zure bizitzan baliagarriak izango diren gauzak erakusten dizkizut. Horri esker oztopo-lasterketetan hasi naiz ni eta, bizitzan gertatzen den bezala, oztopoak gainditzen ikasi dut.

Zein mezu bidaliko zenieke oraindik kirol hau probatzeko zalantzetan dauden pertsonei?
Mundu guztiari gauza bera esaten diot, probatu beharreko kirola dela, arreta deitzen dizuten gauza guztiekin egin behar den bezala. Edonork oztopo-lasterketak probatzeko aukera duela uste dut, zure buruaren aurka edo lehiakideen aurka lehiatzeko aukera ematen baitizu. Oztopoak gainditu ez arren, aurrera jarraitzeko aukera izango duzu beti. Ni, adibidez, oso burugogorra naiz eta oztopoak nire kabuz gainditzea gustatzen zait aurrera jarraitu aurretik. Hala ere, kirola probatu eta ondo pasatzeko aukera dago beti.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude