Iritzia. Yurre Ugarte. Kamioilari izan nahi dut

Artaleku polikiroldegira joaten da igandero Milena poloniarra. Irunen derrigorrezko geldialdia egin behar baitu hark gidatzen duen kamioitzarrak, eta Zaisan aparkatuta utzi ondoren piszinara abiatzen da. Batzutan, beste hiruzpalau kamioilari joan ohi dira Milenarekin batera; bestetzutan, polikiroldegian bertan egiten dute topo guztiek, alegia, derrigorrezko igandeko atsadenaldia Irunen egokitzen zaien atzerriko kamioilari-garraiolariek. Lehendabizi, igerian aritzen da Milena, gero saunan sartu ohi da. Saunan ere egon badaude bere lankideak, jatorri ezberdinekoak, gizonak denak. Sauna, eroso sentitzeko tartea, arnasa nagusi, izerdia larruazalaren inbasore bihurtzen den unea. Milenak erlaxatzeko duen momentu gorena bada ere, gutxi irauten dio. Kamioilari ezagunak hitz aspertuan hasten baitzaizkio, hizkuntzen nahasketa alaian, begiradarekin Milenaren gorputza zulatzen duten bitartean (hauxe bai hizkuntza unibertsala). Halako batean, gorputza ostuko diotelakoan, eskapatu egin ohi da saunatik, eta jacuzziko uraren zurrunbiloan ezkutatzen. Begiak itxiz gero, “kamioilari izan nahi dut” esaldia datorkio behin eta berriz, gurasoei esaldia ahoskatu zien egunean erabili zuen tonu ausart berberean, izan ere. Hiri berriak ezagutu, errepide luzeetan barrena askatasuna usaindu, mugimendu erraldoi baten jabe eta gidari zarela sentitu, atzera eta aurrera bidaiatuz bizi. Begiak irekitzen dituenean, saunan zeuden guztiak jacuzzi borobilean dauzka jada Milenak, inguratuta dago. Akaso, haiek guztiek ere, arriskurik gabeko uraren eremutxo horretan, badakusazte errepide amaigabeen ustezko askatasuna, merkantzia tona izugarrien alegiazko arintasuna, hiri sobera ez ezagunen estrainotasuna, polikiroldegiaren etxekotasuna. Aldageletan, ilea lehortzen duelarik, zin egiten dio bere buruari Milenak hurrengo igandean ez dela polikiroldegira itzuliko, liburu bat irakurtzen geratuko dela, etzanda, kamioiaren barruan. Baina, ostera gurpilen gainean delarik, bolanteari eutsita, kamioilari-tronuan eserita, gurasoei ahoskatutako esaldi hura datorkio berriz braustaka, eta motorraren burrunba ez ezik, sauna eta jacuzziko begiradak birrintzen dizkio.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude