Irun elkartasunaren erdigune bihurtuko da diabetesaren aldeko zazpi maratoiko erronkarekin

Gipuzkoako Diabetes Elkarteak (AGD) eta Ana Isabel Pineda kirolariak erronka solidario berri bat aurkeztu dute gaur Irunen. Datorren igandean hasita, Pinedak zazpi maratoi korrituko ditu Euskal Herriko zazpi herritan, zazpi egun jarraian. Hastear den erronkaren helburua gaixotasunari ikusgarritasuna ematea eta funtsak biltzea izango da. Horretarako, kirolariak Irungo Colón pasealekuan korrika arituko da aprilaren 19an, igandean, 10:00etatik 16:00etara. Zabaltza plazatik hasita, 400 metro inguruko hiri-zirkuituan, eta atletak ehun buelta baino gehiago emango dizkio maratoiko distantzia osatu arte.

Aurtengo edizioak helburu bikoitza du: batetik, diabetesa duten pertsonen egunerokoa ikusaraztea, eta bestetik, gaixotasunaren ikerketarako dirua biltzea. Horretarako, AGD elkartearekin batera, REA elkarteak ere parte hartuko du ikerketa zientifikoari bultzada emateko.

Antolatzaileen esanetan, Ana Isabel Pineda da proiektu honen bihotza eta motorra, bere indar fisiko eta mentalarekin kausa honen aldeko mezua herriz herri zabaltzen baitu.Arantxa Telleriak, elkarteko ordezkariak, eskerrak eman dizkio Irungo Udalari harrera onagatik, eta gogorarazi du hiria beti izan dela bidelagun mota honetako ekimenetan, duela bi urteko “101 kilometroko erronkan” ikusi zen bezala.

Kirolaz gain, erronkak jarduera paraleloak ere baditu, hala nola doako gluzemia-kontrolak, haurrentzako kontulariak, glutenik gabeko eta azukreik gabeko gozokien banaketa, eta tokiko saltokiekiko ekintza solidarioak, ekimenaren izaera komunitarioa indartzeko eta gizartean duen eragina handitzeko.

Erronkaren egutegia

Erronka solidarioa apirilaren 19an hasiko da Irunen, Colón pasealekuan 10:00etatik 16:00etara, eta hurrengo egunetan Gipuzkoan eta Bizkaian zehar jarraituko du: apirilaren 20an Lasarte-Orian (Atsobakar, 16:00-21:00), 21ean Errenterian (Mikel Odriozola estadioa, 13:00-19:00), 22an Santurtzin (atletismo pista, 11:00-19:00), 23an Bilbon (Zorrotza, 10:00-17:00) eta 24an Basaurin (Artunduaga, 11:00-17:00). Azken maratoia eta erronkaren amaiera apirilaren 26an izango da, Gasteizko Mendizorrotzako atletismo pistan, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 18:00ak arte.

Herritarren indarra

Ekimen honetan parte hartzeko hainbat modu daude. Batetik, erronkara korrika eginez batzeko aukera dago, babesa zuzenean emateko. Gainera, proiektuari laguntzeko 10 euroko dortsal solidarioa eros daiteke edota 15 euroko dohaintza eginez erronkako kamiseta ofiziala eskuratu. Horrez gain, kilometroak dohaintzan emateko aukera dago: kilometro bakoitzak 5 euroko balioa du, eta emandako kopuruaren %80 arte desgrabatu ahal izango da zerga-aitropenean.

Udalaren babesa eta herritarren indarra

Cristina Laborda Irungo alkateak eskerrak eman dizkie bai elkarteari bai Ana Isabeli, eredu izateagatik. Alkatearen hitzetan, Irun hiri solidarioa da eta horrelako ekimenek erakusten dute pertsonak direla hiriaren baliorik handiena. “Bere aisialdia eta indarrak besteen bizitza hobetzeko eta ikerketa bultzatzeko erabiltzea miresgarria da”, adierazi du Labordak, igandean Irunen izango den hitzordura bertaratzeko gonbidapena luzatuz.

Borja Olazabal Kirol ordezkariak erronkaren gogortasuna azpimarratu du. Maratoi bat egitea berez bada lorpen handia, baina zazpi egunetan jarraian egitea, eta askotan zirkuitu itxietan (biraka), neke mental handia dakar. Hori dela eta, herritarrei dei egin die korrikalariari lagun ditzaten kilometro batzuetan, babesa eta indarra emateko. Olazabalek nabarmendu du kirola eliteaz haratago doala eta gizartearen hobekuntzarako tresna bikaina dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude