Irun loratzen hasi da udako landaketa kanpainaren hasierarekin batera

Loreak landatzeko udako kanpaina hasi da. Aurtean Gureak arduratuko da landaketa lanez, kontratu berriaren esleipenduna baita. Horren berri eman du gaur goizean Gorka ÁlvarezIrungo Udaleko Obretako, Mantentze Lanetako eta Azpiegituretako ordezkariak. Gainera, neguko landareak kentzeko lanak hasiak direnez, datorren astelehenean, hilak 19, 10:00etan Luis Marianon, Udalak neguko 7.000 landare inguru oparituko ditu.

Alvarezen esanetan, eguraldi ona iritsi ahala, hiriko lorategi eta berdeguneetako landareak aldatzeari ekin diote. “Datozen egunetan, gure kale eta plazak kolorez aldatuko dira, udako kanpaina dela eta”, adierazi du arloko ordezkariak. “Leku askotan esku hartuko dugu, Irungo auzo guztietan, eta eskerrak eman nahi dizkiot Brigadari, auzo eta parkeak mantentzeaz arduratzeagatik, mintegian landareak ekoizteaz, herritarren abisuei erantzuteaz…”, gaineratu du Álvarezek.

Udako landaketa kanpaina

2025eko udako loreak landatzeko kanpaina martxan dago jadanik: 1.700 landare aldatu dira San Juan plazaren inguruan (aurten, zehazki, begonia eta baltsamina gorriak), eta, Luis Marianon, lore mazizoak eta 4.500 salbia gorri landatuko dira (Salvia splendens)..

Zubimuxu plazatxoan, berriz, udako lore gutxiago landatuko dira, egokitzapen lanak direla eta. Horrela, zuhaixken bolumena txikituko da, eta Hydrangea Annabelle hortentsiak landatuko dira, mazizoen atzealdean: lore zuri sarri handi batzuk. Era berean, askotariko koloreetako ageratum, baltsamina, anthirrino, begonia, cleome, coleo, lobelia eta salbia multzo misto bat izango da.

Hiri osoko beste leku batzuetan ere aldatuko dira landareak, hala nola Olibondoen biribilgunean, Juan Pérez de Azkue plazan, Letxunborro hiribidean, Dunboan, Puianan, Galen, Arbesen, Belaskoenean eta Katean. Aurten, guztira, 29.689 landare hazi dira. Lorezainek berek hazi dituzte, Meakako udal mintegietan: abenduan hasi ziren lanean, loreak eskatuta, eta, gero, martxo erdialdean, udal mintegietan birlandatu zituzten.

Kontratu berria

Maiatz hasieran, Irungo berdegune, parke eta lorategiak mantendu, kontserbatu eta hobetzeko kontratu berria sartu zen indarrean. Gizarte ekimeneko enplegu zentro bereziekin eta gizarteratze enpresekin egin ohi da kontratu hori, eta azkena Gureak-i esleitu zaio, bi urterako, urtean 2.025.930,03 euroan. Taldeak 35 langile finko izendatu ditu zuzenean zerbitzu egiteko, eta teknikari bat eta administrari bat ere jarri ditu. Gainera, udaberrian eta udan (alegia, lanik handieneko garaian), beste hamabi langile jarriko ditu.

Egun, kontratuari esker mantentzen den azalera milioi bat metro karratu baino gehiago da, eta mantentze lanak kokalekuaren eta tokian tokiko erabilera eta elementuen arabera banatuta daude:

Mantentze intentsiboa. Erdialdean eta hirira sartzeko biribilguneetan egiten dira mantentze lan intentsiboak, 29.208.92 metro karratutan guztira.

Mantentze handia. Auzoetan-eta egiten dira mantentze lan handiak, 410.113,17 metro karratutan guztira.

Mantentze arina. Auzoetako ezpondetan eta bestetan egiten dira mantentze lan arinak, 140.119.45 metro karratutan guztira.

Noizbehinkako mantentzea. Noizbehinkako mantentze lanak 214.926,88 metro karratutan egiten dira guztira.

Q kategoriako mantentzea. Basoetan eta naturaguneetan egiten dira Q kategoriako mantentze lanak, 132.392,45 metro karratutan guztira.

Gainera, hirian badira aldian-aldian mantentzen ez diren eremuak eta belardiak, zuhaixkak, jardinerak eta lore mazizoak ere.

Kontratu berriaren barruan, mintegiaz eta lorezaintza lanez arduratuko den brigada okupazional bat ere jardungo da, gehienez ere zortzi lagunek eta bideratzaile batek osatutakoa, udal mintegian bertan arituko dena. Bideratzaileak taldea zuzenduko du, mintegiaren eta mantentze lan intentsiboko eremuen arduradunekin batera.

Gureaken zerbitzu okupazionalaren barruan dago proiektu hori, eta desgaitasunen bat dutenek gizartean aktiboki parte har dezaten bultzatzea du helburu, ardaztzat ekoizpen lana duten garapen pertsonaleko programen bitartez.

Neguko loreak opari

Hirugarren urtez jarraian, lore mazizoetatik kentzen diren neguko landareak banatzeko ekitaldi bat egingo da, astelehenean, hilak 19, 10:00etan, Luis Marianon, turismo bulegoaren ondoan. Gutxi gorabehera, 600 San Jose lore, 600 oroilore, 600 anemona, 600 mitxoleta, 600 bioleta, 1.000 krabelin eta 2.900 tulipa banatuko dira, neguan landatu eta udan hilabetez loratutakoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude