Irungo Udaleko Lorezaintza Zerbitzua sasoiko loreak ekoizteko lanetan murgilduta dago

Udal mintegiaren jardun handieneko garaietako batean, astelehen honetan, Bide Publikoko ordezkari Mónica Martínez Meakako instalazioan izan da, Irungo Udaleko Lorezaintza Zerbitzuak martxan dituen lanen berri emateko.

“Azken asteetan, hiriko lorategi eta parkeak udaberriko sasoi honetako berezko itxura ederra hartzen joan direla ikusi dugu hiri osoan. Bada, horren azpian Lorezaintza Zerbitzuko lantaldeen lana datza, eta, haren ardatzean, udal mintegia”, adierazi du Mónica Martínezek.

Une honetan mintegian egiten ari diren lanak, funtsean, sasoiko lorea ekoizteko lanak dira: gero, lorezaintza brigadei banatuko zaie lorea, beharrezkoa duten materialarekin batera, mazizoak prestatzeko eta lorea hiriko lorategietan landatzeko. Era berean, landare bizikorrak prestatzen dituzte mintegian, parke eta lorategi berrietarako, baita aldaxkak eta landare berriak, beharrezkoak diren tokietarako.

Ordezkariak azaldu duenez, “Irunen baditugu 800.000 m2-tik gora parke eta lorategi, eta kopuru hori gora doa hiriko auzoak hazi ahala. Gure lehentasunen artean, berdeguneak egoera onean mantentzeaz gain, bada kudeaketa jasangarria izatea ere, eta horretan ari gara azken urteetan”.

Horiek horrela, hiriko berdeguneak mantendu, kontserbatu eta hobetzeko kudeaketa lanen jasangarritasuna handitzeko jardunbideak areagotzen joan da udal mintegia, ingurumena errespetatzen duten metodo eta produktuak sustatzeko eta, horrela, jasangarritasunaren, aurrezkiaren eta efizientziaren ikuspegitik, hiria atseginagoa bilakatzeko, berdeguneak mantendu, kontserbatu eta hobetzeko plan zuzentzailearen ildotik.

Esaterako, Lorezaintza Zerbitzuak ez du erabiltzen inongo produktu kimikorik, eta, flota mugikorreko unitateen artean, badu langile eta teknikariak mugitzeko ibilgailu elektriko bat. Gainera, eguneroko metodoen artean, lehentasuna jasangarritasunari emateko jardunbideak sartu dira, hala nola inausketa lanen hondakinak eta mozten den belarra birziklatzea eta Arasoko garbigunera eramatea.

Zerbitzuaren aurtengo aurrekontuari dagokionez, joan den maiatzean indarrean sartu zen kontratuaren barruan, 2021erako zenbatekoa 1,7 milioi eurotik gorakoa da, eta mantentze lanak, materialak, landareak, substratuak, ureztatze sistemak eta egin beharreko hobekuntzak hartzen ditu barnean.

“Oso zenbateko aipagarria da; azkenaldian, gainera, erregularra. Aurrerapausoa da duela urte gutxikoaren aldean, orduan 1,4 milioi eurokoa baitzen”, nabarmendu du Mónica Martínezek. Ordezkariak gogorarazi duenez, “lehen, parke eta lorategiak eta zuhaitzak mantentzeko kontratuak bat ziren, baina, banatu ditugunetik, funtsean, gehiago espezializa ditzakegu bi lan ildoak eta, beraz, baliabide gehiago jar ditzakegu gure berdeguneak zaintzeko”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude