Irungo Udalak IRUNVI Irungo Etxebizitzarako Elkarte Publikoaren bitartez jakinarazi duenez, Tokiko Gobernu Batzarrak hiri osoa tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera egitea onartu du. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari diagnostiko txostena, ekintza plana eta justifikazio oroitidazkia helaraziko zaizkio.
Irungo alkate Cristina Labordak gaur goizean eman duen prentsaurrekoan adierazi duenez, aurrera doaz udalerria tentsio handiko eremu izendatzeko tramitazioak . Alkatearen hitzetan, “funtsezkoa iruditzen zaigu arreta, besteak beste, etxebizitza politiketan jartzea, irundar guztiek hirian bertan jarri ahal izan dezaten martxan beren bizi proiektua”. Crisitna Labordak adierazi duenez, “Irungo Udalak egin du egin beharrekoa, eta, orain, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren txanda da”.
Diputatuen Kongresuak onartu zuen tentsio handiko eremuak izendatzeko aukera, iazko maiatzean, eta Udalak oinarrizko ondasun bat eskuratzeko arazo larriak daudela aitortzen duela esan nahi du izendapena egiteko eskaerak, IRUNVIren diagnostikoak berretsi eta nabarmentzen duenez.
Tentsio handiko eremu izendatuak izan daitezkeen udalerriek bi eskakizun hauetako bat bete behar dute legediaren arabera:
- Izendapenaren aurreko bost urteetan alokairuaren prezioa % 17 igo izana, kontsumoko prezioen Euskadiko indizearen hazkunde metatua baino hiru puntu gehiago gutxienez
- Hipotekaren edo alokairuaren kostuaren eta oinarrizko gastu eta hornigaien (elektrizitate, gas edo gasolioaren, txorrotako uraren, telekomunikazio zerbitzuen eta erkidegoari egin beharreko ekarpenen) batez besteko batura noren edo bizikidetza unitatearen batez besteko diru sarreren edo errentaren % 30 baino gehiago izatea
Diagnostikoaren arabera, Irunek bi eskakizunak betetzen ditu, udal barruti osoan.
Izendapenaren ondorioak
Hiria tentsio handiko eremu izendatua bada, errentariek abantaila argiak izango dituzte etxebizitza bat eskuratzeko eskubidea erabiltzeko: besteak beste, prezioak mugatuko dira, bukatzen diren kontratuek urtebeteko ezohiko hiru luzapen izango dituzte, eta edukitzaile handiek (bost etxebizitza edo gehiago dituztenek) muga irmoagoak izango dituzte. Era berean, azken bost urteetan alokatuta egon ez diren etxebizitzak alokatzeko kontratu berrien prezioak mugatuko dira.
Neurri horiek hartu ahal izateko, Udalak ekintza plan bat jarri beharko du martxan: administrazioen arteko eta sektore pribatuarekiko elkarlana arrazoizko prezioko etxebizitzen eskaintza sustatzeko, etxebizitza hutsen mobilizazioa, laguntza espezifikoak, salmenta edo alokairuen prezioari eusteko edo hura jaisteko finantzaketa neurriak…
Nolanahi ere, lehenago, Eusko Jaurlaritzak dokumentazioa aztertu, eta, aurkeztu beharreko guztia behar bezala aurkeztu dela irizten badio, hiria tentsio handiko eremu izendatzeko prozedura hasteko aginduko du, eta proposamena egin. Gero, proposamena jendaurrean jarriko da, hogei egunez gutxienez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuta.
Izendapena eta beronen ondorioak
Irun tentsio handiko eremu izendatzeak ondorio hauek izango ditu:
- Hiri Errentamenduen Legean egindako aldaketak aplikatuko dira, etxebizitza libreak alokatzeko prezioen hazkundeari eusteko eta, horrela, bizikidetza unitaterik zaurgarrienen segurtasun juridikoa eta egonkortasuna hobetzeko.
- Datozen hiru urteetarako Etxebizitza Plana onartuko da, lau ardatzen inguruan egituratua, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, eskumenak harekin koordinatuta.
- Arrazoizko prezioko alokairua sustatuko da, Irunen arrazoizko prezioko etxebizitzen eskaintza handitzeko. Bada, horretarako, babes publikoko 1.000 etxebizitza eraikitzen hastea aurreikusi da:
- San Migel – Anakan, 612
- Lastaola Postetxean, 99
- Korrokoitzen, 63
- Aleien, 60
- Alberto Larzabalen, 43
- Mendipen, 36
- Emigrazioko eraikina zenean, 31
- Larreaundin, 22
- Lucas de Berroa kalean, 20
- Karrika Nagusiko 7 eta 9 zenbakietan, 1
- Alokairuko merkatuan bitartekari lanak egiteko programak sustatuko dira, bitartekaritza programetan sartzen diren etxebizitza hutsei dagokien ondasun higiezinen gaineko zerga ordaintzeko hobarien ehunekoak handituta eta etxebizitza hutsak programa horietan sartzeko birgaikuntza lanetarako laguntzak osatuta.
- Eraikitako parkearen gaineko neurriak hartuko dira. Hiria birgaitu eta berroneratzeko neurriak hartuko dira, eta, alde horretatik, IRUNVIren lana funtsezkoa izango da, hirigintza eta birgaikuntza elkartea, Eusko Jaurlaritzari laguntza arruntak eta apartekoak izapidetzen laguntzeko entitatea eta irundarrei informazioa eta aholkuak emateko erreferentziako gunea den aldetik.
- Talde zaurgarriak babesteko eta alokairurako laguntzak emateko prestazio sistema bat jarriko da martxan –horrelako laguntza asko indarrean daude dagoeneko–.
- Gobernantza landuko da. Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Planak aurreikusten dituen 1.000 etxebizitzak sustatuko dira, baterako lagapen eta finantzaketa proposamenak egingo dira, eta Planaren jarraipena egiteko mekanismoak jarriko dira martxan.



