Behin hiriko jaiak amaituta, Irungo Udalak, Irun Turismoaren bidez, udako kanpaina turistikoa aurkeztu du gaur. “Uda honetan, gida zaitzatela” leloa aukeratu da, kanpainak askotariko esperientzia gidatuak proposatzen ditu eta- Egitasmoaren helburua bertakoei zein kanpokoei hiria askotariko ikuspuntuetatik deskubritzera gonbidatzeko ekintzak eskaintzea da.
Irungo Udaleko Hiri Bultzadako ordezkari eta Bidasoa bizirik-eko lehendakari Nuria Alzagak, Bidasoa bizirik-eko zuzendari Eva Fernándezek eta Hondarribia-Irun Turismoko arduradun Cristina Gutiérrezek aurkeztu dute kanpaina, gaur goizean, Irungo turismo bulegoaren parean, Luis Mariano lorategietan, eta, bide batez, hiri osoan eta leku turistikoetan paratuko diren sustapen materialak ezagutarazi dituzte. Miriam Merino artista irundarrak diseinatu ditu, eta bisitari eta turistak erakargarri nagusietan barrena gidatzearren ibai edo bidegorri bat irudikatzen duen elementu grafiko baten bidez konektatzen dituzte esperientziak. Alzaga, Fernández eta Gutiérrezekin batera, turismoa sustatzeko kanpaina honetan parte hartuko duten beste eragile, entitate eta enpresa batzuk izan dira aurkezpenean.
Udaran zehar hiriko ondarea ezagutzeko bisitak eskainiko dira. Aurtengo proposamena ordea harago doa, eta hiriko agenteek gastronomiaren, aisialdiaren eta naturaren esparruan eskaintzen dituzten beste aukera batzuk hartzen ditu barnean: dastaketak, bisitak, bizikletan egiteko ibilbideak, kayak irteerak… Egitaraua bisitarientzat zein hiriari ikuspuntu berri batetik begiratu nahi dioten irundarrentzat prestatu da. Horrela, Oiasso Museoaren bisita gidatuen barruan, apirilean inauguratutako terma erromatarren bisita gidatuak ere egin daitezke.
“Aurreko urteetan baino urrutirago begiratu nahi genuen, eta hiriko eskaintza gastronomiaren, naturaren eta kulturaren aldetik aberasten duten esperientziak sartu kanpainaren barruan”, adierazi du Alzagak. “Gainera, gure ustez, udan Irunen gelditzen direnei eta hiriarekin beste ikuspuntu batetik konektatzeko aprobetxatu nahi dutenei ere dei egiten die kanpaina honek”.
Bisita gidatuak
Aurten ere antolatuko diren ekimenen barruan aipatzekoak dira gune historikoetan zehar egingo diren bisita gidatuak, hala nola “Zubiz zubi” izenekoa: ibilbide bat Bidasoa ibaian behera, Avenida zubitik Behobiako aduana zenera, Gazteluzarren barrena. Bi ordu baino gehixeago irauten du, uztail eta abuztuko ostegunetan egingo da, 3 euroan, eta hiriaren iragana gune historiko nagusien bidez irakurtzeko modu bat da.
Beste proposamen berezi bat Junkaleko Andre Mariaren elizako kanpai dorrera igotzea da, eta Iruni goitik begiratzea. Jarduerak 25 minutu irauten du, eta udako larunbatetan eskainiko da, lau ordutan, 1,5 euroan.
Kanpainak ondarea ezagutzeko bi orduko bisitak ere hartzen ditu barnean: Urdanibia plaza, Santiago karrika, Ama Xantalen ermita eta udaletxearen barrualdea, baita Junkaleko Andre Mariaren elizako kanpai dorrea bera ere. Ibilbidea euskaraz egin daiteke, astearte arratsaldeetan, edo gaztelaniaz, asteazken goizetan eta ostiral arratsaldeetan, 3 euroan.
Bada udaletxearen bisita gidatuak egiteko aukera ere, hileko azken larunbatetan, azarora arte: 50 minutu irauten dute, eraikina eta gela nagusietako batzuk xeheki ezagutzeko bidea ematen dute, eta euskaraz egin daitezke, 11:00etan, edo gaztelaniaz, 12:00etan.
Oiasso Museoak ere baditu proposamenak: bata, Museoko aretoen eta terma erromatar inauguratu berrien bisita gidatu tematiko bat larunbatetan, eta bestea, Irun erromatarra ezagutzeko tour espezifiko bat hirian barrena igandetan. Biak, 11:00etan euskaraz eta 12:00etan gaztelaniaz.
Gastronomia eta natura
“Gida zaitzatela” kanpainak badu alderdi enogastronomiko bat ere; hiru proposamen, hiriko erreferentziazko beste horrenbeste tokitan. Batetik, Ola sagardotegian, sagardoa egiteko prozesua ezagut daiteke, eta esperientzia oso bat bizi: bisita, dastaketa eta menua. Bestetik, Félix Manso Ibarla jatetxean, chefarekin batera ardoarekin ezkontzeko bost plater presta daitezke, edo pintxo dastaketa batean parte hartu eta sommelier baten azalpenak jaso. Azkenik, Mendibil ardandegian, bost ardo itsuka dasta daitezke, zentzumenak zorrozteko eta dastatzen ikasteko.
Irungo ingurune naturala ere kanpainaren parte da: bizikleta gaineko bisita gidatuak Badiako Bidean eta Bidasoko bide berdean barrena, Badoa kooperatibaren eskutik. Ura nahiago dutenentzat, berriz, Santiagotarrak taldeak eta Kayak Basque Country enpresak zailtasun maila desberdinetako kayak irteerak antolatzen dituzte Bidasoa ibaian barrena, monitore espezializatuen begiradaren pean, kirola eta paisaia uztartuta.
Azkenik, Lapurriturriko informazio puntua, Aiako Harria Parke Naturalean, zabalik egongo da udako astegun eta jaiegunetan, parkeko ibilbide tematikoei buruzko informazioa emateko bisitariei eta tailerrak, familia osoarentzako jolasak, interpretazio paseoak eta beste jarduera batzuk eskaintzeko. Gainera, aurten, proposamen espezifikoak egin dira udako hilabeteetarako, inguruko biodibertsitate, geologia eta mikologian oinarrituz.
Kanpaina honen bidez, Irungo Udalak bere ondarea, historia, gastronomia eta natura parte hartzearen bidez eta modu aktibo eta atsegin batean ezagutzea bultzatu nahi du, bertakoek zein bisitariek hiriak eskaintzeko duen guztia deskubri dezaten.



