IrunBIXIk, Irungo Haur eta Nerabeek Parte Hartzeko Foroak, hiriko gazteei ahotsa eman die gaur

GazteARTEan Irungo Udaleko Gazteria arloak antolatuta, Irungo neska-mutilek, ume eta nerabeek, Irungo Haur eta Nerabeek Parte Hartzeko Foroan (IrunBIXI) parte hartu dute gaur, maiatzak 28, Amaia KZn. Topaketa horretan, Irungo gazteek beren etorkizunari buruzko lehentasunak eta kezkak partekatu dituzte. Cristina Laborda Irungo alkateak, Sergio Javier Irungo Udaleko Gazteriako ordezkariak eta Udalbatzako kide batzuk ere hartu dute parte ekitaldian.

2023-24 ikasturtean, Irungo Udaleko Gazteria arloa (GazteARTEan) buru duen proiektuan, Irungo Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako 300 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte Foroan, eta Haurtxokoak eta Gaztelekuak ere bertan izan dira. Hain zuzen, Lehen Hezkuntzako ikastetxe hauek parte hartu dute: Eguzkitzak, Lekaeneak eta Txingudik. eta, Bigarren Hezkuntzakoen artean, El Pilarrek eta Toki Alaik.

Urritik ekainera bitartean, hilean behin, parte hartzaileek haurren eskubideak lantzeko bilerak egin dituzte, eta, beren interesetan oinarrituz, beren inguruarekin lotutako gaiak eta kezkak jorratu dituzte. Orain, Irungo Udalak bat egin du ekimen horiekin.

Cristina Laborda Irungo alkateak adierazi du gazteen eginkizuna funtsezkoa dela hiriaren etorkizuna eraikitzeko: “Etorkizuna zarete, eta nik, alkate naizen aldetik, lana egiteko ardura daukat geroko Irun gaur zuek amesten duzuen bezala izan dadin. Zuen kezkak eta proposamenak bertatik bertara ezagutzea aukera ona da denok egunetik egunera harroago sentiaraziko gaituen hiri horretarantz aurrera egiteko.

Hala, astearte honetan, Amaia Kultur Zentroko agertokian, beren ikastetxeetan lantzen ari ziren gaiak bateratzeko Foroan antolatu diren bi topaguneetan parte hartu duten 30 ordezkariak igo dira.

Agertokian, alkatearekin eta Gazteriako ordezkariarekin batera, ikastetxe bakoitzeko bideoak proiektatu dira, zer proposamen eta ekimen egin dituzten azaltzeko. Bideo bakoitzaren ondoren, ikastetxe bakoitzeko ordezkariek beren kezken inguruan galderak egin dizkiete udal-ordezkariei, eta haiekin hitz egiteko aukera izan dute.

Badut Antzerki Taldeak girotu du eguneko dinamika, eta, jolas eta grazi artean, dibertigarria suertatu da saioa.

Jardunaldia bukatutakoan, Lehen Hezkuntzako ikasleek Txingudi Ikastolak diseinatu eta girotutako jolas batzuk egin dituzte Gain-Gainean parkean. Jolas horien helburua zen adin horietako neska-mutilen artean ezagutza sustatzea.

Proposamenak eta gaiak

Ume eta nerabeek beraiek proposatutako hainbat gai landu dituzte talde txikitan; esaterako, animaliak eta/edo ingurumena zaintzea, herriko dendetan kontsumitzea edo festetan jarduerak egitea.

Bere kezkak identifikatu ondoren, proposatutako gaiak nola zehaztu aztertu da, eta horretarako, udaleko hainbat sail aritu dira lanean, hala nola Berdintasun arloa, Kirolekoa, Kulturakoa, Gazteriakoa, Hiri Sustapenekoa, Gizarte Ongizatekoa, Udaltzaingokoa, Mugikortasunekoa, Bide Publikoetakoa eta Lorategietakoa, eta, baita zenbait elkarte ere; besteak beste, Zaporeak, Behobia Kirol Elkartea, Harrera Sarea eta Parean Elkartea, Gure Ametsa-Bi Lagun animalientzako egoitza, Real Unión eta Patri Taberna muralgilea.

Hala, IrunBIXI foroaren hainbat gai landu dira ikasturte honetan, eta horien ondorioz, besteak beste, jolas batzuk egin dituzte beste umeak ezagutzeko; arrazismoaren aurkako mundialito bat ere egin dute; hedapen-materiala sortu dute, animaliak zaintzearen inguruan sentsibilizatzeko; 13-14 urteko gazteak seguru sentitzen ez diren guneak identifikatu dituzte; elikagaiak bildu dituzte, edo biodibertsitate-irla bat landatu dute hirian.

Irun, Haurtzaroaren Hiri Laguna

Irun Haurtzaroaren Hiri Lagunen artean dago 2021eko ekainaz geroztik, UNICEFek Irunen hautagaitza ofizialki onartu ondoren. Alde horretatik, 2021ean Irungo Udalaren Haur eta Nerabeentzako I. Plana onartu zen, eta 2024. urtearen amaiera arte gauzatuko da.

Hori guztia konpromiso bat da udal-politikak garatzerakoan umeen eta nerabeen parte-hartzea kontuan hartzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude