
Irun izango da aurten ‘Colillatón 2026’ kanpaina nazionalean eta internazionaletan parte hartuko duen hirietako bat. Surfrider Foundation Europe elkarteak bultzatutako ekimen honen helburua zigarrokinen ingurumen-inpaktuari buruz sentsibilizatzea eta herritarrak planetako hondakin kutsatzaile eta ugarienetako baten aurrean mobilizatzea da. Ekitaldia datorren ostiralean, ekainak 5, egingo da, arratsaldeko 16:00etan Ficobaren aurrean, eta Bioterra azokarekin lankidetzan garatuko da, Ingurumenaren Munduko Eguna dela eta.
Colillatón ekimenak 60 minutu inguruko iraupena izango du. Ordubetez, parte hartzen duten boluntarioek eta herritarrek Ficoba inguruko hainbat eremu zeharkatuko dituzte lurrera botatako zigarrokinak biltzen. Ondoren, bildutako guztia zenbatu eta lortutako emaitzak aztertuko dituzte, hondakin honek ingurunean duen eragin larria ikusarazteko eta gizartean ohitura arduratsuagoak sustatzeko. Parte-hartzea erabat irekia eta doakoa da herritar guztientzat; informazio gehiago nahi izanez gero, antolatzaileek posta elektroniko honen bidez erantzungo dituzte zalantzak: xcurtozafra@surfrider.eu.
Hondakin txikia, kutsadura erraldoia
Zigarrokinak oraindik ere hondakin ikusezinenetako batzuk dira, baina kale, parke eta naturguneetan gehien agertzen direnak dira. Gaur egun, ingurumen-datuak benetan kezkagarriak dira: Zigarrokin bakar batek 50 litro ur kutsa ditzake. Urteak behar ditu erabat degradatzeko, eta prozesu horretan 7.000 substantzia toxiko baino gehiago (nikotina, mundruna eta metal astunak) eta mikroplastikoak askatzen ditu ingurumenera.
Urtero 4,5 bilioi zigarrokin inguru uzten dira naturan, eta horietako askok kaleetan, ibaietan, mendietan eta ozeanoetan amaitzen dute. «Ekintza honen bidez, espazio publikoan abandonatuta amaitzen duten zigarrokin kopuru izugarria frogatu nahi dugu, eta askotan oharkabean pasatzen den hondakin bati buruzko kontzientzia sortu», nabarmendu du Xavi Curto Surfrider Españako koordinatzaileak.
Babesleak eta nazioarteko oihartzuna
Kanpaina hau “Surfrider Against Cigarette Butts” nazioarteko ekimenaren parte da, eta aldi berean garatzen ari da Europako hainbat herrialdetan, hala nola Frantzian, Alemanian, Portugalen, Grezian eta Herbehereetan. Espainian, Surfrider Españak antolatu du ekintza lurraldeka, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kutxa Fundazioaren laguntzarekin, baita Twothirds, FI Group by EPSA, Andarela Elkartea, Mater Museoa edota IE University bezalako eragileen babesari esker ere. Kanpaina sare sozialetan ere jarraitu ahal izango da #Colillaton, #ActuaEnPositivo eta #ProtegeElOcéano hashtag-en bidez.
Surfrider Foundation Europe erakundea
Surfrider Foundation Europe irabazi-asmorik gabeko erakundea da, ozeanoak, kostaldeak, ibaiak eta lakuak babestu eta kontserbatzen dituena. 1990ean sortu zen Biarritzen surflari talde baten eskutik, eta gaur egun Europako 12 herrialdetan dago presente boluntario-sare bati esker (tartean Donostian egoitza duen Surfrider España). GKE honek hiru arlo nagusitan zentratzen du bere jarduna: plastikoen eta itsasoko zaborraren aurkako borroka, uraren kalitatea babestea, eta itsasertza klima-aldaketaren aurrean egokitzea.



