Euskara ardatz hartuta, Irungo kaleak berriz ere hankaz gora jartzeko prest helduko da 24. Korrika. Aurtengo edizioa martxoaren 19an abiatuko da Atharratzetik eta, hamar egunez Euskal Herri osoa zeharkatu ondoren, Bilbon amaituko da hilaren 29an. Irun ekimenaren ekuatorean kokatuko da, eta bi aldiz igaroko da bertatik: martxoaren 24ko eta 25eko goizaldean.
Hori dela eta, Korrika Irundik igaro baino egun batzuk lehenago, martxoaren 21ean, “Korrika Eguna” ospatuko da hirian. Josu Iguiñiz Euskarako ordezkariak eta Maddi Sanz Bidasoako Korrika arduradunak eman dituzte jardueren xehetasunak ostegun honetan, egitarauan parte hartu duten beste hainbat erakunderekin batera.
Egitarau oparoa auzo eta kaleetan
Martxoaren 21eko jardunaldia goizetik hasiko da. 10:00etatik 13:00etara, hiriko auzoetan hainbat ekintza burutuko dira, eta 12:30etik aurrera zutabeen etorrera eta trikipoteoa egingo dira San Juan plaza inguruan. Eguerdiko ekitaldi nagusia plazan bertan izango da, 13:30ean, eta ondoren bertso-bazkaria egingo dute EKTn.
Arratsaldean, musika izango da protagonista nagusia Urdanibia plazan eta inguruko kaleetan. 18:00etan Skola Musik taldeak emanaldia eskainiko du plazan. 20:00etatik 22:00etara Txintxarri Txaranga Korrokoitz, Peña eta Eguzkitzaldea karriketatik ibiliko da. 22:00etatik aurrera Burrunba Elektrotxarangak emango dio amaiera biribila egunari ibilbide berberetik.
Euskararen erabilera helburu
“Korrika euskararen aldeko ekimen izugarria da maila guztietan”, adierazi du Josu Iguiñizek. Ordezkariak azpimarratu du Udalaren helburua euskararen erabilera sustatzea dela, eta Korrika aukera bikaina dela gure hizkuntzaren inguruan kontzientziatzeko eta eguneroko ohiturak aldatzeko. Irundar guztiak deitu dituzte bai martxoaren 21eko jai-giroan, bai Korrika Irundik igarotzen denean parte hartzera.
Gogoratu behar da aurreko edizioan Irunen hasi zela lasterketa, eta aurten ere herritarren eta tokiko eragileen —hala nola auzo-elkarteen, Auntxa eta musika eskolako trikitilarien, Irunabarren eta beste hainbat talderen— inplikazioa funtsezkoa izango dela “Euskara gara” lelopean egingo den 24. edizio honetan. Maddi Sanzek gogoratu duenez, martxoaren 24an eta 25ean Korrika Txiki eta Korrika Gaztea ere egingo dira.
Korrikaren ibilbidea eta ordutegiak
Korrika, lehen esan bezala, martxoaren 24an eta 25ean iritsiko da Irunera. Jarraian azaltzen dira ibilbidea eta ordutegia:
- Martxoak 24:
| Irun | 03:58 | Andrearriaga Bidea / Maldaburu Bidea |
| Irun | 04:04 | Ventas Auzoa, 56 |
| Irun | 04:11 | Ventas Auzoa, 44 |
| Irun | 04:15 | Andrearriaga Ibilbidea, 6 |
| Irun | 04:20 | Elizatxo Hiribidea, 45b |
| Irun | 04:26 | Elizatxo Hiribidea, 18 |
| Irun | 04:31 | Euskal Herria Hiribidea, 1 |
| Irun | 04:35 | Eguzkitzaldea Kalea, 13 |
| Irun | 04:39 | Alzukaitz Kalea, 2 |
| Irun | 04:43 | Ricardo Alberdi Zumardia Aldapa, 1 |
| Irun | 04:46 | Juan Thalamas Labandibar, 103 |
| Irun | 04:51 | Gi-636, 16 |
| Irun | 04:56 | Euskadi Plaza, 5 |
| Irun | 05:02 | N-121-A, 74 |
| Irun | 05:07 | Behobia Auzoa, 51 |
| Irun | 05:13 | Gi-3455, 22 |
| Irun | 05:20 | Gi-3455, 36 |
| Irun | 05:26 | Gi- 3455, 38 |
| Irun | 05:32 | N-121-A |
- Martxoak 25:
| Irun | 05:06 | Iparralde Etorbidea 43 |
| Irun | 05:09 | Iparralde Etorbidea 27 |
| Irun | 05:13 | Bidasoa Kalea / Dunboa Kalea |
| Irun | 05:16 | Nafarroa Hiribidea, 13 |
| Irun | 05:22 | Colon Ibilbidea, 52 |
| Hondarribia | 05:27-06:14 | |
| Irun | 06:17 | Zubieta 16, Gibeleta |
| Irun | 06:22 | Letxunborro / Embajador P. De Aristegui |
| Irun | 06:27 | Letxunborro, 92 |
| Irun | 06:32 | Letxunborro, 59 |
| Irun | 06:40 | Gi-636, 64 |



