Irungo Euskal Jirak abuztuaren 8tik 10era ospatuko den jaia antolatzeko lanean dabil. Antolatzaileek aurreratu dutenez, 2025eko ediziora begira aldaketa garrantzitsuak egin nahi dira. Berritasun nagusia larunbateko desfilearen ordutegi aldaketa izango da. Hala ere, Euskal Jira asteburu osoko ospakizun bihurtzeko ekintzak ere antolatzeko asmoa iragarri dute.
Irungo Euskal Jiraren antolakuntza batzordeak sare sozialen bitartez aurreratu duenez 2025a aldaketa handien urtea izan daiteke Irungo Euskal Jirarentzat. Argitalpenean Iñaki Olazabal, Irungo Euskal Jiraren lehendakariaren adierazpenak jaso ditu. Bertan antolatzaileek festaren ekitaldi nagusia den desfilea orduz aldatzekoa asmoa aurreratu dute. Gauzak horrela, Euskal Jira larunbat arratsaldeko 18:00etan hasi ordez, goizeko 11:00etan irtengo litzateke. Dena den, ibilbidea bere horretan mantenduko litzateke.
Bestetik, antolakuntzatik garai batean egiten zen herri bazkaria berreskuratu eta San Juan plazara eramateko nahia azaldu dute. Bazkaria herritar guztiei irekitako ekitaldia izateko asmoa dute.
Iaz egin bezala, aurten ere egitaraua ostiralean hasiko litzatekeela aurreratu dute, publiko guztientzako kultur eta jai proposamenekin. Era berean, txosnak ostiralean bertan irekitzea da ideia, asteburuaren hasiera girotzeko. Gainera, artisauak ere jaiaren aurrerapenera batuko lirateke, azokan duten presentzia handitzeko.
Hala ere, antolatzaileek azaldu dutenez, larunbata festa egun handia izaten jarraituko du. Horretarako, desfileaz gain, bazkaria eta emanaldiak antolatzea da ideia, goizetik herritarren parte hartze handia sustatzeko.
Antolakuntzatik adierazi dutenez, datozen egunetan berritasun gehiago azalduko dituzte sare sozialen bitartez.
Taldeen bila
Era berean, antolatzaileak 45. Euskal Jira izango dena prestatzeko musika eta dantza taldeen bila dabiltza. Dantza eta musika taldeek abuztuaren 9an, larunbatean, desfilean parte hartuko dute. Interesdunak antolatzaileekin harremanetan jarri daitezke, Larraitz Martiarenaren bidez, lmeuskaljira@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidaliz.



