Irungo Marrazki eta Pintura Akademiaren lanak Amaia KZn ikusi ahalko dira ostiraletik aurrera

Irungo Udaleko Kultura arloak herritar guztiei jakinarazten die maiatzaren 17tik ekainaren 2ra bitartean Amaia KZn ikusgai egongo dela Irungo Marrazketa eta Pintura Akademiako ikasleek 2023-2024 ikasturtean egindako lanen aukeraketa bat. Erakusketa ostiral honetan, maiatzaren 17an, inauguratuko da, 19:30ean, doako bisita gidatu ireki batekin.

Kasu honetan, 6 eta 92 urte bitarteko hirurogei parte-hartzailek egindako ehun bat artelan izango dira. Besteak beste, Nestor Basterretxearen Gernika 50 lanean inspiratutako ariketa bat erakutsiko da.

Lan horiek proiektuen arabera multzokatuta daude, eta irudikapen naturalistako ariketak eta proposamen esperimentalak nahasten dira haietan. Askotariko prozedurak eta teknikak erabiltzen dira lan horietan, hala nola olio-pintura, arkatza, akrilikoa, argizariak, ikatz-ziria, akuarela, txantiloi marrazkiak eta collageak; eta euskarriak ere hainbat motatakoak dira, hala nola papera, euskarri zurrun inprimatuak edo mihiseak. Hiru dimentsioko lanak ere badaude, kartoi uzkurtuen bidez egindakoak, edota material industrialez osatutako behe-erliebeak.

Erakusketa asteartetik larunbatera 18:00etatik 21:00etara eta igande eta jaiegunetan 11:30etatik 13:30etara egongo da ikusgai.

Irungo Marrazketa eta Pintura Akademiari buruz

Irungo Marrazketa eta Pintura Akademia espazio ireki bat da, eta pintura-eskolak ematen dira bertan, helduei, gazteei zein haurrei zuzenduak.  Gainera, proiektu pertsonalak lantzeko edota programazio didaktikoak jarraitzeko aukera eskaintzen da. Erakusketa hau, beraz, ikasturte osoan Anaka auzoko Fabiola Erregina kaleko instalazioetan egiten denaren isla da.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude