Irungo auzoen azterlan soziologikoaren emaitzak aurkeztu dira

Irungo auzoen azterlan soziologikoa egin da eremu bakoitzaren egoera soziala aztertu eta, posible den heinean, hautemandako behar sozialei erantzuteko. IKEI ikerketa- eta aholkularitza-enpresarekin elkarlanean prestatutako ikerketa da. Gaur goizen Nuria Alzaga Irungo Udaleko Gizarte Ongizate ordezkariak ikerketaren emaitzak aurkeztu ditu.

Nuria Alzaga ordezkariaren hitzetan, «azterlan honek gako batzuk ematen dizkigu, horietan oinarrituta zenbait jarduketari ekiteko eta herritarrei zerbitzu eta instalazio hobeak eskaintzeko. Egia da, mahai gainean ditugun datuen arabera, jendeak ongizate-maila altua adierazten duela bizilekuari buruz galdetzen zaionean, bere auzoa gogoan duenean. Egoera hori,  Udalak hiriaren gizarte- eta lurralde-kohesioa hobetzeko egindako lanaren emaitza da. Herritarrak oro har pozik dauden arren, zalantzarik gabe, bada hobekuntzarako esparrurik, eta arloaren erantzukizuna da horietan jardutea».

Azterlanean hiriko auzoetako bizitzari buruzko informazio eguneratua bildu da, eta hobetzeko alderdiak identifikatu dira, bizi-kalitatea eta ongizate maila definitzeko erabiltzen diren elementu guztiak kontuan hartuta. Horien artean, aipatzekoak dira gizarte-kohesioa, zerbitzuen eta ekipamenduen presentzia, hirigintzaren eta ingurumenaren kalitatea, bizikidetza eta segurtasuna.

Azterlanetik ateratzen diren ondorio batzuk, hiri-ingurunearen balorazioari buruzkoak, honako hauek dira:

  • 65 urtetik gorakoek ematen diote baloraziorik altuena Iruni eta nork bere auzoari, bizitzeko leku gisa.
  • Dunboa, Meaka-Ibarla eta Arbeseko bizilagunen ematen diote baloraziorik onena beren auzoari, baita Alde Zaharreko, Santiago-Berauneko eta Urdanibiakoek ere.
  • Herritarren % 60k balorazio ona ematen dio bere auzoari, bizileku gisa.
  • Balorazio onena lortzen duten zerbitzu eta ekipamenduak haurrentzako jolasparkeak eta ostalaritzako eskaintza dira; txarrena, aldiz, bankuek eta kutxazainek erdiesten dute.
  • Kaleen garbiketak ere aise gainditzen du, 6,4 puntuko notarekin.
  • Ingurumenaren kalitateak lortu du baloraziorik onena, item guztien artean, batik bat Meaka-Ibarlan, Urdanibian eta Dunboan; Inkestari erantzun dioten herritar gehienek uste dute airearen kalitatea ona dela hirian. Eta ingurumenaren zainketarekin jarraituz, zaborra biltzeko puntuek gogobetetze-maila ona lortu dute, 6,8 puntuko notarekin.
  • Mugikortasunari dagokionez, garraio publikoko lineek eta ordutegiek 6,5 eta 6,4 puntuko batez besteko nota dute, 10 puntutik gorakoa, hurrenez hurren. Balorazio txarrena, aldiz, trafikoari, TAOari eta aparkatzeari eman diete herritarrek.
  • Inkestatuen % 8k dio arazo ekonomikoak dituela
  • Herritarren % 41 arduratuta daude bizikidetza eta segurtasun falta direla eta.

IKEI ikerketa- eta aholkularitza-enpresak egin zuen azterlana, 2022ko azarotik 2023ko maiatzera bitartean. Bi hilabete iraun zuen herritarrak inkestatzeko faseak, eta hiriko 17 eremuetako 1.820 lagunek erantzun zioten galdetegiari. Inkestaren helburua zen jakitea Irungo herritarrek zer pentsatzen duten auzoetako errealitateari eta behar sozialei buruz eta hiriak aurrean dituen erronkei buruz.

Datu estatistikoak aztertu ondoren, beste metodologia batera pasatuta, eremuak zuzenean ikuskatu zituzten proiektuaren ardura zuten teknikariek. Gainera, parte hartzeko hiru ekimen antolatu ziren auzo-elkarteekin eta hirugarren sektore sozialeko erakundeekin. Azkenik, Udaleko arloetako teknikariek aldez aurretik bildutako informazioarekin erkatu ziren datu guztiak, banako elkarrizketen bidez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude