Irungo Txirrindulari Elkarteak ikusgarritasuna irabazi du Mendibil merkataritza guneko lokal berriarekin

Irungo Txirrindulari Klubak lokal berria du Mendibil merkataritza gunearen -1 solairuan. Bertan klubeko materiala dute ikusgai, klubean egiten duten lana erakusteko eta jendea txirrindularitzara erakartzeko. Andoitz Villafranca klubeko zuzendaritzako kideak Irungo Txirrindulari Klubaren egoeraren errepasoa egin digu.

Irungo Txirrindulari Klubak lokal berri hau ireki du klubeko guraso baten laguntzari esker, ezta?

Hori da. Klubeko guraso batek lokal hau hutsik zeukan eta proposatu zigun hutsik jarraitu bitartean guk erabiltzea kluba ikusarazteko. Ideia ona iruditu zitzaigun eta jada bi aste daramatzagu lokala apaintzen.

Gainera, leku estrategikoan duzue lokala, hiriaren erdigunean.

Hori da. Atzean merkataritzagunea dugu eta jende asko erosketak egin eta gero bertatik pasatzen da. Toki pribilegiatua da.

“Irailetik aurrera martxan jarriko gara klubeko talde guztiekin”

Lokala klubeko materialarekin apaindu duzue. Zertarako?

Bidasoaldean dagoen txirrindularitza klub bakarra gara eta pixkanaka gora egin dugu. Klubaren asmoa hazten jarraitzea da. Horretarako, zenbait argazki eta kartel jarriko ditugu ea gazteren bat gehiago animatzen den. Abuztu erdialde edo bukaeran ate irekien saio bat egiteko asmoa dugu. Irailetik aurrera martxan jarriko gara klubeko talde guztiekin.

Euskal Herrian txirrindularitzarekiko zaletasun handia dago, baina ez da kirol jendetsuenetarikoa, ezta?

Egia da kirolen artean futbolak gehiengoa hartzen duela eta beste kirol txikiagoek gure tartetxoa bilatu behar dugula. Gure kasuan, azken urteetan Itzulia Irundik igaro da, Tourra Euskal Herritik igaro da eta baita Espainiako Itzuliaren irteera ere. Ekitaldi horiei esker klubean gorakada bat nabaritu da. Klubean duela 3 bat urte 12 bat haur genituen eskolan eta juniorretan 20 bat ziren. Gaur egun 40 bat ditugu eskolan eta 30 bat maila altuagoetan.

Beraz, lasterketez gain, erreferentziazko kirolariek txirrindulariak erakartzen laguntzen dute.

Hori da. Adibidez, Haimar Etxeberria gure klubekoa izan zen kadete mailara arte eta orain gutxi profesional mailan bere lehen lasterketa irabazi du. Horrek guztiak gure kirola ikusarazten laguntzen du. Ikusezina bazara hori ezinezkoa da. Guk lanean jarraituko dugu gure kirola hazten laguntzeko.

Lokal honen maileguak erakusten du zeinen garrantzitsua den klubarentzat familien laguntza ere.

Gurea bezalako klubetan haurra sartzen duzu kirola gustatzen zaiolako eta pixkanaka muturra sartzen zoaz laguntzeko. Horrela iritsi naiz ni zuzendaritza taldera eta baita taldea osatzen duten gainontzeko gurasoak ere. Ez dago laguntzeko beste modurik, klubak duen aurrekontua oso txikia da eta.

“Gure helburua izango litzateke klubean neska talde propioak sortu ahal izatea”

Beraz, urte osoko lana eskatzen du.

Bai. Gu zuzendaritza batzordean astelehenero elkartzen gara hainbat gai lantzeko. Lasterketen laburpena egiten dugu eta klub baten barruan sortzen diren mila kontu bideratzen eta konpontzen saiatzen gara.

Nolakoa izan da pasa den denboraldia?

Emaitza aldetik oso ona. Dena den, egia da guk klub bezala emaitzei ez diegula garrantzi handirik ematen, batez ere eskola adin horietan. Gure helburua bizikidetza lantzea eta kirola sustatzea da, hau da, bizikletaren bidez ikasten diren balioak, esaterako, disziplina eta sakrifizioa. Maiatzean eskola kirolean dabiltzan kirolariek denboraldia amaitzen dute. Helduagoak direnek, aldiz, entrenatzen jarraitzen dute, bizikletan ibiltzeko denboraldiko zatirik onena da eta. Ekaina, uztaila eta abuztuan proba ugari izaten dituzte. Aurten gainera oso emaitza politak lortu dituzte, hainbat podium lortu dituzte taldeka. Horretaz gain, aurten junior maila bukatuko zaien hainbat txirrindulari dauzkagu eta datorren urterako badituzte aurrekontratuak sinatuak zenbait talde erdi profesionalekin. Beraz, bai, alde horretatik oso pozik gaude.

Klubean neskarik baduzue?

Hori da daukagun erronkarik handiena. Eskolan 5 edo 6 neska dauzkagu. Juniorretan eta kadeteetan gertatzen dena da gutxienez talde bat sortzeko 3 neska behar dituzula. Aurten bi izan ditugu, baita iaz ere. Orduan neska horiei Gipuzkoako beste taldeekin elkartzeko aukera eman zitzaien taldea sortzeko aukera izan zezaten. Gaur egun Oiartzunen ari dira gureak, hara bideratzen ditugulako momentuz, klubean ez dugulako beste aukerarik. Gure helburua izango litzateke klubean neska talde propioak sortu ahal izatea. Gainera, neska eta mutilen lasterketak leku ezberdinetan izaten dira, eta beraz, kotxe aldetik ere azpiegitura gehiago eskatzen dute. Hemendik deialdia egiten diegu neskei, gurekin batera bizikletan ibiltzera anima daitezen.

Udako ikastaroak antolatu dituzue?

Pentsatu izan dugu eta baita bileretan aipatu ere, baina aurten ezinezkoa izan zaigu. Izan ere, oso pertsona gutxi gara eta 12 eskurekin ez dago toki guztietara iristerik. Urtean zehar nahiko lan izaten dugu eta udara iristen denean guk ere gure atsedenaldia behar izaten dugu, irailean berriro gauzak gogoz hartzeko. Dena den, zenbait irteera egin dira tarteka. Adibidez, haurrekin 3 egunez Lizarran egon ginen. Bestetik, París-Roubaixera zenbait gurasoekin abiatu ginen edo baita Tourrean elkartu, baina hori era librean, klubak berak antolatu gabe.

Beraz, bizikletarekiko zaletasuna sortzea eta partekatzen jarraitzea da garrantzitsuena.

Bai, klubaren bilakaerak erakusten digu zerbait ondo egiten ari garela, pixkanaka handitzen goaz eta. Urtero oso haur gutxik uzten dute eta gero eta gehiago dira urtero batzen zaizkigunak. Arrakasta hori egindako lanaren emaitza da. Gure kirolaren abantailetako bat da ez dela futbol-zelai edo igerileku bat bezalako espazio itxi batean egiten. Gure joko zelaia errepidea da. Horrek, ardura ere eskatzen digu, 40 haur eramaten dituzunean ezin zaitezkeelako soilik 2 edo 3 arduradunekin joan eta, ondorioz, gurasoen laguntza behar izaten dugu. Entrenamenduak antolatzeko gurasoekin dugun taldearekin hitz egiten dugu laguntzera nor etorri daitekeen jakiteko. Beti 10 edo 12 bolondres izaten ditugu, klubak dituen begiraleez gain.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude