Irungo Udalak CBA kultura-zentroaren bigarren faseko lanak zein egoeratan dauden azaldu du. Hala, Udalak jakinarazi duenez, behin eta berriz eskatu dio obrak amaitzea enpresa arduradunari, baina kasurik egiten ez duenez, enpresaren aurkako zigor-espedientea hasi du (isun ekonomikoak).
Horrekin batera, enpresak aldebakartasunez erabaki du obra amaitu dela, eta obraren giltzak eman dizkio Udalari, notario baten bitartez. Udaletik adierazi dutenez, enpresaren ezohiko jokabide hori kontratuen legearen kontrakoa da, eta Tokiko Gobernu Batzarrak erantzun egin zion joan den abenduaren 11an, “obra amaitzeko aldebakarreko adierazpena” ezetsiz. Zerbitzu teknikoen iritziz, obra horretan zenbait jarduera egiteke daude, eta, ondorioz, ezin da obra amaitutzat eman; beraz, kontratua ez da bete bere osotasunean.
Hori dela eta, datozen asteetan enpresak kontratuko betebehar guztiak betetzen ez baditu, Udalak legezko neurri egokiak hartuko ditu.
Proiektuaren deskripzioa
Obra Idenort PV SLU-Proviser Ibérica SLU ABEEri esleitu zitzaion 3.877.326,89 euroko aurrekontuarekin. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren 600.000 euroko dirulaguntza du.
Proiektuaren arabera, CBAren San Juaneko -1 solairuaren azalera 2.400 m2 handitu behar da –gaur egun, 2.700 m2 ditu–, eta, kultura eta gazteriarako eremu berri horretan, erabilera berriak kokatuko dira, programazioa nabarmen sendotzeko aukera emango dutenak. Esaterako, Gazteartean programarako erreferentzia gune bat egongo da, eta bloke oso bat aukera emango duena gazte-sorkuntzako proiektuak, talentu emerjenteak eta arte garaikideko proiektuak garatzeko, eta baita areto bat ere, kontzertuak eta bestelako emanaldi batzuk egiteko.
Xehetasunez esanda, areto horretan, kamerinoak ere egongo dira, eta komun publikoak, biltegiak eta materialak zamatzeko gune bat, sarrera Prudencia Arbide karrikatik eginda, eta hiru modutan antolatu ahalko da agertoki-aretoa:
- Batetik, agertoki klasiko bat, hitzaldiak eta ikus-entzunezkoen proiekzioak antolatzeko, 91 eserlekuko harmaila barneragarri batekin. Gainera, bi, hiru eta lau besaulkiko banku mugikorrak (beste 64 eserleku gehiago) instalatzeko aukera izatea ere aurreikusten da (guztira: 155).
- Aretoak aukera emango du agertoki bat jartzeko espazioaren erdian, inguruan eserlekuak dituela.
- Jendea zutik egoten den ikuskizunetarako erabilera (edukiera: 385 ikusle). Oso areto garrantzitsua izango da, gauza berria izango baita hirian. Hirian ez dago horrelako gune publikorik, eta, hortaz, areto berria sortuta, programazioa nabarmen sendotuko da, aukera emango baitu gaur egun beren behar eta formatuagatik antolatu ezin diren ekitaldiak antolatzeko.
Ildo horretatik, arte eszenikoetarako aretoaz gain, erabilera berriak kokatzea aurreikusten da. Esaterako, liburutegiko ikasketa-gela handituko da eta formatu ezberdinetako erakusketak jartzeko moduan diseinatutako gune bat sortuko da, CBAn egiten diren proposamen-aniztasunaren ildotik.
Era berean, langelak sortzea ere aurreikusten da, bilerak eta bestelako jarduerak egiteko, eta baita Gazteria zerbitzuko GazteARTEan-en jardunerako gune bat ere. Gainera, komunetarako eta artxibotarako tokiak ere handitu egingo dira.



