Irungo Udalak eta UNICEFek Irun Haurren Hiri Laguna izendatzeko hitzarmena berritu dute

Irungo Udalak eta UNICEFek Irun Haurren Hiri Laguna izendatzeko hitzarmena berritu dute, 2021-2025 aldian egindako lanari jarraipena emateko 2026tik aurrera. Hiriko alkate Cristina Labordak eta UNICEFen Euskal Herriko Batzordeko presidente Joseba Madariagak sinatu dute akordioa, udaletxean egindako ekitaldi batean, Gazteriako ordezkari Sandra Caballeroren aurrean.

Akordioa sinatuta, udal politika publikoak haur eta nerabeen inguruan ardazteko apustua sendotu du Irunek, haien ongizatea sustatzen jarraitzekoa, haien eskubideak bermatzekoa, eta hiriko bizitzan aktiboki parte har dezaten bultzatzekoa. Akordioa 2029ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, eta, besteak beste, konpromiso hauek hartzen ditu barnean: Haur eta Nerabeen Tokiko Plana urtero diruz zuzkitzea, 2027an akordioaren indarraldiaren erdiko txosten bat egitea eta akordioa indarrean dagoen denboraldi osoan beronen ebaluazioa egiteko eta kontu emateko mekanismoak ezartzea.

Cristina Labordak ekitaldian nabarmendu duenez, “izendapen hau berritzea kudeaketa publikoa ulertzeko modu bat berrestea da; hain zuzen ere, haur eta nerabeak politiken hartzailetzat ez ezik eraikitzen ari garen hiriaren protagonistatzat hartzen dituen ikuskera bat”. Erantsi duenez, 2021 eta 2025 arteko esperientziak “adierazten du haur eta nerabeengan inbertitzeak gizartearen kohesioa hobetzen duela, eta haien presentzia areagotu du, egunerokoan ez ezik baita Irunen etorkizunean ere”.

Joseba Madariagak, berriz, Irungo Udalaren konpromisoa azpimarratu du: “Irun Haurren Hiri Laguna izendatzeko hitzarmena berritzeak hiriaren konpromiso bat aitortzen du: haur eta nerabe irundar bakoitza entzun, babestu eta lagundu egiten diotela sentitzen duen leku batean hazteko konpromisoa. Bideak elkarrekin urratzeko eta haur eta nerabe guztiek beren ahalmen guztia garatzeko benetako aukerak sortzeko apustu bat da, haien eskubideak Haur eta Nerabeen Euskadiko Legeak jasotzen dituen bezala eta, horrenbestez, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenak jasotzen dituen bezala bermatzen dituena”.

Haurrentzako hiria

Konpromiso horrek haur eta nerabeentzako benetako konpromisoak dakartza berekin, zeinak GazteARTEan zerbitzuaren bitartez, Irungo Haur eta Nerabeen I. Planaren luzapenak 2025. eta 2026. urteetarako xedatzen dituen. GazteARTEan zerbitzu ekosistemak, zehazki, haurtzaroko eta nerabezaroko etapa guztietarako programa, espazio eta baliabideak antolatzen ditu, hala nola 4 eta 11 urte arteko bost haur txoko eta 12 eta 17 urte arteko nerabeentzako bi gazteleku. Horrela, Udalak aisialdian ikasteko, sortzeko eta parte hartzeko aukerak ematen ditu, gazteen beraien interesetan oinarrituz diseinatutako jarduerak eskaintzen.

Planaren funtsezko ezaugarrietako bi intersekzionalitatea eta zeharkakotasuna dira; hainbesteraino, non Udaleko arlo guztiak eta hiriko eragile, familia eta politikariak eta haur eta nerabeak sartzen dira tartean. Alde horretatik, udal gobernuaren barruan, Gazteriaz gain, Hezkuntza, Hirigintza, Euskara, Berdintasun, Kultura, Kirol, Ingurumen, Udaltzaingo eta Mugikortasun Arloek parte hartzen dute Planean.

Haur eta nerabeen partaidetzak berebiziko garrantzia du Haurren Hiri Laguna programan. Horrela, Irunen bada IrunBIXI izeneko foro bat, prozesu honen barruan proposamen batzuk egin eta ekintza batzuk koordinatu eta aurrera eraman dituena: bakearen eta emakumeek kirolean parte hartzearen aldeko sentsibilizazio kanpainak, sanmartzialetarako jarduerak, kultur aniztasunaren aldeko jarduerak, animaliak zaintzearen aldeko sentsibilizazio kanpainak, segurtasun gaien inguruko pertzepzioaren azterketak… Foro horren lana antolatzeko, bereziki garrantzitsua da haur eta nerabeek Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena ezagutzea, eta, horregatik, Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunaren bueltan, ekitaldi handi bat antolatzen da Irunen, baita sentsibilizazio kanpainak ere haur txokoetan eta gaztelekuetan.

Ildo beretik, departamentu arteko mahaiaren eta prestakuntzaren bidez, udal politikek haurrei erreparatzea landu da teknikariekin.

Azkenik, HaurARTEan programak ikaskuntza komunitate bat sortu du, hitzaldi eta tailerrak antolatuz: urtero, guraso eta legezko tutore askok eta askok parte hartzen dute haziera kontziente eta positiboan adituek ematen dituzten ikastaroetan, eta, gainera, elkarrizketa foroak eratzen dira, elkarri noren zalantza eta kezken berri emateko.

2021etik izendapenari eutsiz

Azken batean, 2021etik, Irun Haurren Hiri Laguna izendatua izan zenetik, gero eta garrantzi handiagoa eman zaio politika publikoek haurrengan arreta jartzeari. Udalaren konpromisoaren beste fruitu bat haur eta gazteentzako kultur programazio propio bat da: programa eta jarduera espezifikoak, urte osoan eta are San Pedro eta San Martzialetan eta eguberrietan ere; partaidetza bidezko aurrekontuen gazteentzako prozesua, nerabe eta gazteek beren ingurunea are gehiago hobetzeko proiektuak proposatu eta erabakitzeko, IrunBIXI foroaren barruan batez ere; etab.

Laburbilduz, hitzarmena berrituta, Irunek UNICEFen lanarekin bat datorren lan ildo bat finkatu du, eta plan, zerbitzu eta espazio konkretuak dakartzaten politika publikoak garatzen segitzeko konpromisoa berritu, haur eta nerabeen egiazko beharrei erantzuteko eta hiri inklusibo eta parte hartzaileago bat eraikitzeko, etorkizunerako prestatuago dagoena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude