Irungo Udalak laguntza eskatu die herritarrei, mokodun gorrien izurria gerarazteko. Palmondoei kalte larria eragiten dien intsektu bat da mokodun gorria (Rhynchophorus ferrugineus). Udalak bere titulartasuneko hemeretzi ale ditu, eta Udaleko lorezaintza zerbitzuek ez dute izurriaren zantzurik aurkitu haietan, baina hirian badira titulartasun pribatuko 50 bat palmondo, eta jabeei laguntza eskatu zaie.
Lehenengo aldiz, 2025eko otsailean detektatu zen izurria, Behobiako palmondo bat hil zela eta. Ondoren, joan den urriaren 23an, haize ufada bortitzengatiko abisu horia indarrean zegoen bitartean, beste kasu bat baieztatu zen, Belaskoenean, goialdean ageriko kalteak zituen ale batean.
Udalak bere titulartasuneko hemeretzi ale ditu. Udaleko lorezaintza zerbitzuek berauek aztertu, eta ez dute izurriaren sintomarik aurkitu haietan, Belaskoenekoan izan ezik, zeinaren jarraipen teknikoa egiten ari diren oraindik.
Herritarren ezinbesteko laguntza
Gainera, analisi ortofotografiko bat egin dute, titulartasun pribatuko palmondoren bat kutsatu den ikusteko. Aireko irudiek ez dute aukera ematen ale bakoitza zer espezietakoa den zehazteko, baina lorezaintza zerbitzuek 51 kokaleku ere identifikatu dituzte.
Udalak gogorarazi duenez, joan den abenduan, Gipuzkoako Foru Aldundiak informazio komunikatu bat kaleratu zuen, palmondoen jabeei azaltzeko zer ezaugarri dituen izurriak, zer kalte eragiten dituen eta zer tratamendu neurri har ditzaketen.
Jarraibideetako baten arabera, Defentsa Fitosanitariorako Baliabideen Ekoizleen eta Operadoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako enpresek egin behar dituzte tratamenduak, aholkulari tekniko espezializatuen laguntzarekin, indarrean dagoen araudiaren arabera baimendutako produktu fitosanitarioak bakarrik erabiliz, indarrean dagoen araudiak dioen bezala, palmondoen goialdean.
Nola aurre egin izurriari
Udalak nabarmendu du zer garrantzitsua den intsektua goiz detektatzea eta herritarrek izurriaren hedapena gerarazten parte hartzea, eta, horregatik, udal zerbitzuekin harremanetan jartzea gomendatzen die baldin eta palmondoren bat kutsatuta dagoela susmatzen badute, zerbitzuok dena delako palmondoa ebalua eta trata dezaten. Horrela, hiriko ondare begetala babesten lagunduko dute.
Bestalde, funtsezkoa da palmondo hilak edo larri daudenak erauztea eta behar bezala suntsitzea, intsektua barreia ez dadin. Alde horretatik, honako hauek dira metodorik eraginkorrenak: birrinketa xehea, errausketa eta lurperatzea –gutxienez metro batera lurperatu behar dira aleak–; konpostatzea ez da hartzen baliozko metodotzat.
Material begetal kutsatua hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu behar du. Kontu handiz ibili behar du materiala garraiatzen duenean, eta ale kutsatuak inausi eta erauzteko erabiltzen dituen tresna guztiak desinfektatu behar ditu.



