Lehen saioaren arrakasta handiaren ostean, “Meazuri. Pasado, presente y futuro” saioa ostegunean errepikatuko da

Irungo Udaleko Kultura arloak antolatuta, ostegun honetan, hilak 16, “Meazuri. Pasado, Presente y Futuro” -ren bigarren saio bat izango da Amaia KZn. Martxoaren 9ko saioak arrakasta handia izan zuen eta sarrera guztiak agortu ziren. Ostegun honetako, martxoaren 16ko hitzordua 19:30ean izango da.

“Meazuri. Pasado, Presente y Futuro” izenburupean, protagonistek -Manu Miguelez, Jon Villafranca, Raúl Martínez, Dark Rad Team argazki elkartearekin elkarlanean- Meazurin eginiko bidaia azalduko dute. Meazuri, Irugurutzetako meatze inguruetako galeria bat da, Aiako Harrian kokatuta.

Hitzordua gaztelaniaz egingo da, eta aurkezpen bat eta saio amaierako hizketaldi batek osatuko dute. Sarrera librea da, edukiera bete arte.

Irugurutzetako meatzeak
Irugurutzetan dago burdin karbonatoa kiskaltzeko Gipuzkoako labe bateriarik handiena, Euskal Herriko garrantzitsuenetako bat. Aiako Harrian dago. Eremu horretan meategiak ustiatu dira Burdin Arotik. Erromatarrak ere aritu ziren bertan, eta irekita jarraitu zuten Erdi Aroan eta Aro Modernoan ere.  Meatzaritzako jarduera handiena aro garaikidean gertatu zen, XX. mende hasieran.

«Zure abenturaren bila»
Bidaiei buruzko programa honetan gonbidatuak bere bizipenak, esperientziak eta, azken batean, bidaiatzeko grina kontatzen ditu, abenturaren irudiez lagunduta.  Askotariko esperientziak aurkeztu dira: Antartikako espedizioak, munduko mendi garai eta zailenetako bidaiak, baita askoz gertuago dauden lekuetako proiekzioak ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude