Euskalmetek alerta laranja iragarri du gaurko, bero handiko eguna izango baita. Horri erantzuteko, Larrialdietako Udal Plana aktibatu dute Irungo Udalak eta Udaltzaingoak, Eusko Jaurlaritzaren Larrialdi eta Meteorologia Zuzendaritzaren bidez, gaur eta biharko, abuztuaren 23rako eta 24rako, iragarri den tenperatura altuaren ondoriozko muturreko arriskua dela eta. Udalaren Babes Zibileko Plana barne-kontroleko orri bat da. Dokumentu horretan zenbait jarduketa jasotzen dira, herritarrei, Udalaren arloei eta larrialdietan diharduten zerbitzuei zuzenduak, ezohiko egoera meteorologikoei aurre egiteko.
Euskalmetek une honetan ematen duen iragarpenaren arabera, muturreko tenperatura handien alerta indarrean egongo da 12:00etatik 21:00etara arte. Ordu tarte horretan, tenperaturak 35-36 ºC-an egongo dira.
Udalaren Babes Zibileko Planaren barruan, zenbait ekimen jarri dira abian, herritarrei zuzenduta, «Udan, kontuz beroarekin!» lelopean. Besteak beste, Udaltzaingoak zenbait jardunbide egokiren berri emango die herritarrei, beroaldiaren ondorio negatiboak prebenitzeko edo, gutxienez, arintzeko.
Udaltzaingoak gogorarazi du guztiz debekatuta dagoela Aiako Harriko parkean barbakoak egitea, eta arreta handiz aritu beharko dela Soroetan.
Horrez gain, gomendio hauek ematen zaizkie herritarrei, biharko beroari aurre egiteko:
- Saiatu eguzkitan luzez ez egoten, parkeetan edo igerilekuetan.
- Langileek ez dute bero handitan egon behar (bide-garbiketan, obretan, teilatuetan, etab.).
- Saihestu jende asko pilatuko duten ekitaldiak.
- Arreta handiz zaindu jaioberriak, adinekoak eta behar bereziak dituzten pertsonak.
- Eguerdi aldean, saiatu kalera ez irteten eta jarduera fisikorik ez egiten.
Beroari aurre egiteko beste modu bat da ura edatea eta itzaletan egotea. Horretarako, tresna lagungarri gisa, mapa honetan bildu dituzte Udaleko zerbitzuek hiriko iturriak eta parke estaliak: arcGIS zerbitzuaren geolokalizatzailea.
Eguraldiaren iragarpen eguneratuak, bestalde, esteka honetan kontsultatu ditzakezu: Euskalmet.
Larrialdietarako SMS alerta-sistema
Udaltzaingoak SMS alerta-zerbitzua eskaintzen die herritarrei, fenomeno meteorologiko kaltegarriek edo bestelako arrisku-egoerek eragindako larrialdietan. Zerbitzu hau doakoa da eta mugikorretan SMS abisuak jasotzeko aukera ematen du hainbat larrialdi motatan: eurite handiak, haize bortitzak, hotz handia edo elurteak, baso-suteak, istripu kimikoak/merkantzia arriskutsuak edo bestelakoak.
Alerta-egoera larrietan, SMS abisuak automatikoki bidaliko dira, harpidetu beharrik gabe, arrisku-eremuan erroldatutako pertsonen Udal Informazio Sisteman erregistratutako telefono mugikorretara.
SMS alerten zerbitzuan alta eman dezakezu, hemen.



