Irungo Udalak tokiko merkataritzaren lehiakortasuna hobetzeko ekimen gehiago abiatuko ditu

Irungo Udalak tokiko merkataritzaren lehiakortasuna hobetzen jarraitzeko ekimen gehiago programatu ditu. Digitalizazioa, modernizazioa eta trantsizio ekologikoa jorratuko dira ekimen berri horien bitartez. Berrikuntza horiek urtero udalak bertako merkataritza  laguntzeko martxan jarritako ekimenei batuko zaizkie.

Miguel Ángel Páez Hiri Bultzada arloko ordezkariaen hitzetan,  errealitateak berak markatzen du bidea. “Eraldaketa digitala indarrez sartzen ari da bizitzaren esparru guztietan eta, batik bat, merkataritzan”.  “Gainera, Europak sektorea digitalizatzeko prozesuetan aurrera jarraitzera behartzen gaitu, eta jasotzen ditugun Europako funtsak prozesu horiek ezartzera bideratuta daude, funtsean”, erantsi du Hiri Bultzadako ordezkariak.  Horrela, Udalak tokiko merkatarien salmenta aukerak areagotu nahi ditu, negozio bideragarriak izan daitezen eta, horrela, merkataritza-ehun berritzaile eta lehiakor bat sendotzea, hiriaren nortasun-ikur eta harrotasun-iturri izaten jarraituko duena.

Irungo Udalak 953.518,91 € jasoko ditu guztira Next Generation funtsetatik, eraldaketa digital eta ekologikora bideratutako zenbait ekintzaren bidez: 465.850 euro eraldaketa digitalerako; 125.878 euro jasangarritasun eta ekonomia zirkularra lantzeko; 193.600 euro salmenta-puntuen eraldaketarako; 76.230 euro sentsibilizazioa eta prestakuntza jorratzeko; 91.960 euro merkataritzarekin loturiko beste ekimen batzuetarako.

Irun.market indargunea

Irun.market plataformak 256.000 eurora arteko zenbatekoa jasoko du aurten zerbitzu berriak garatzeko, webgunean streaming- eta bideo-sistemak txertatuta, bezeroarekiko gertutasuna sustatzeko. Bestalde, intranet bat sortuko da. Horri esker, saltokiek plataforman integratutako baliabideak erabili eta partekatu ahalko dituzte.

Udaberri honetan beste deskontu-kanpaina bat antolatuko da plataforman, Gabonetan egin zenaren antzekoa, gastatutako 30 euro bakoitzeko 10 euroko deskontua eginda. Gaur egun, 31 merkatari daude aktibo plataforman, eta aurten beste saltoki batzuk sartzea aurreikusten da.

Eraldaketa digitalaren esparruan, zenbait tresna aktibatuko dira, merkatariek sare sozialen, webgunearen eta e-commercearen kudeaketa hobeto egin dezaten. Gainera, komunikazio-kanpaina bat egingo da eta bitarteko digitalen plan bat aktibatuko da tokiko merkataritza indartzeko.

Proiektuaren beste berritasunetako bat jasangarritasunarekin lotuta dago.  Tokiko merkataritza jasangarriago baterako bidean, zenbait ekimen jarriko dira abian: establezimenduen energia-kontsumoaren auditoriak eta monitorizazioak; kontsigna-hozkailuak instalatzea irun.market-eko eskaeretarako; eta proiektu pilotu bat, automobil elektrikoak kargatzeko bi puntu instalatzea merkataritza-eremuetan. Ildo beretik, aurten gida bat idatziko da, merkataritzaren kudeaketari aplikatutako garapen jasangarriko helburuei buruzkoa.

Salmenta-puntuaren eraldaketarekin lotutako alderdiei dagokienez, aurten zenbait ekimen berritzaile abiaraziko dira: saltokiaren kudeaketaren zenbait alderditan laguntza eta autodiagnostikoa egiteko aukera eskaintzen duen tresna baten integrazioa, kudeaketa-tresnen gordailu bat eta tokiko merkataritzaren espazio berri bat, Serapio Mujika kalean. Merkataritzako laborategi gisa funtzionatuko du espazio horrek. Bertan, sektoreari zuzendutako prestakuntza-ekintzak emango dira, show roomak antolatuko dira merkatarientzat, eta sektoreko bilerak egiteko aukera ere eskainiko da. Asteazken honetan, hain zuzen, Tokiko Gobernu Batzarrak Serapio Mújica kalean kokatutako lokala laborategi komertzial gisa egokitzeko proiektu teknikoa onartu du, 490.810,30 euroko gehienezko aurrekontuarekin.

Etengabeko prestakuntzan

Irungo Udalak, Bidasoa bizirik-en eskutik, sektoreari formakuntza eskaintzen jarraituko du, digitalizazioari eta merkataritzako kudeaketarako tresna berriei egokitzeko prozesua errazteko.  Interesa duten merkatariek prestakuntza eta aholkularitza pertsonalizatua eskuratu ahalko dituzte alderdi horietan.

Gainera, indarrean jarraitzen du Singular Dendak programak. Udalak Gipuzkoako Merkataritza Federazioarekin batera antolatzen duen ekimen horren xedea da Irunen kalitate-zigilu bat ezartzea, Gipuzkoako merkataritzaren profesionaltasuna, desberdintzapena eta posizionamendua sustatzeko. Irungo 16 saltokik bat egin dute jada ekimen horrekin, eta aurten gehiago erakarri nahi dira.

Merkataritzako lokalen eguneraketa

Irungo Udalak hiria birgaitzeko hamar agentek osatutako lantalde bat du aurten, kalean bertan askotariko lanak egiten dituztenak. Herritarrei energiaren efizientziari buruzko galdeketa egin ondoren, hilabete honetan hasita agente horiek landa-lan bat ekingo dute, Irungo merkataritzako lokalen errolda eguneratzeko eta hiriko ekonomiaren bilakaeraren argazki erreala lortzeko. Eustaten datuen arabera, 2023an merkataritzako 728 lokal zeuden Irunen. Gogoan izan behar da hiria birgaitzeko agenteen lantaldea laneratzeko proiektu baten barruan osatu dela, Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailak diruz lagunduta eta Lanbide eta Bidasoa bizirik-en kolaborazioarekin.

Dinamizazioa eta laguntza ekonomikoak

Udalak hiria erosketak egiteko gune gisa posizionatzeko sustatutako dinamizazio-kanpainak protagonista izango dira aurten ere, Irun gure mugetatik kanpo ere proiektatuko duten hiru ekitaldi handiren bitartez. 2024rako, Udalak hiru hitzordu handi iragarri ditu. Hirira bisitariak erakarriko dituzte, eta inpaktu ekonomikoa lortu nahi da hiriko merkataritzan, haien bidez.

Itzulia Irunen barrena ibiliko da apirilaren 1ean eta 2an.  Kirol-ekitaldi handi hori dela eta, Irungo merkataritzaz eta ostalaritzaz gozatu ahalko dute bisitariek. Merkatarien elkarteek ere bat egingo dute kirol-hitzordu handi horrekin, establezimenduak dinamizatzeko askotariko jarduerekin.

Udari begira, Dies Oiassonis jaialdia uztailaren 11tik 14ra ospatuko da aurten.  Erromatar jaialdi hori duela hamahiru urte antolatu zen aurreneko aldiz, eta 2024 honetan ere gure eskualdeko udako kultur ekitaldi garrantzitsuenetako bat izaten jarraitu nahi du.

Gabonetako kanpainak ere urteko plater nagusietako bat izaten jarraituko du. Irunek urteko sasoi hori dinamizatzen jarraituko du. Izan ere, merkatarientzako salmenta handiko garaia izaten da, eta programazio zabal eta erakargarri bat antolatuko du Udalak, arlo guztiak inplikatuta eta hiriko elkarteen sarearen kolaborazioarekin. Gabonetako agendak oso harrera ona izan du herritarren artean azken urteetan.

Merkataritzako lokalak profesionalizatzeko eta prestatzeko laguntza-lerroei dagokienez, alokairuko K-biziak eta birgaitzeko K-biziak laguntzen deialdia egingo da berriz ere. Hirian txikizkako saltoki berriak irekitzeko eta badaudenak birgaitzeko xedez sortu ziren dirulaguntza horiek. Establezimendu berriak alokatzeko laguntzen aurrekontua 110.000 eurokoa da, eta saltokiak birgaitzekoena, aldiz, 100.000 eurokoa.

2023an, bederatzi establezimenduri eman zitzaien alokairurako laguntza, eta beste 12 izan ziren birgaitzeko dirulaguntzen onuradun.

Bestalde, PERCO laguntzen xedea da Irungo txikizkariei eta ostalariei laguntza ematea. Horretarako, estrategia kolektiboak eta hiriko ekonomia-jarduerekin integratzeko bestelako estrategia batzuk sustatzen dira, betiere Irungo Merkataritzaren Plan Estrategikoaren ekintza-planarekin koherenteak badira. Gaur egun, bi laguntza-lerro daude indarrean: merkatarien eta ostalarien elkarteei zuzenduak eta saltoki edo ostalaritzako lokal indibidualei zuzenduak.  Urte naturalaren barruan eska daitezke, atzeraeraginarekin, eta, zenbatekoari dagokionez, 25.000 euro artekoak dira, saltokien kasuan, eta 15.000 euro bitartekoak, ostalaritzako lokalen kasuan.

Marrubi Goxokiak enpresak, Txingudi Rugby tabernak eta beste enpresa batzuek eskatu dituzte dagoeneko laguntza hauek aurreko ekitaldietan beren negozioak dinamizatzeko eta hiriko merkataritza biziberritzen laguntzeko.

Udal-azoka

Otsaileko udalbatzak aho batez erabaki zuen aldez aurretik eta aldeek adostuta amaitzea udal-azoka kudeatzeko eta ustiatzeko kontratua, 2000ko maiatzaren 11n udalbatzak Mercairun SLri esleitutakoa. Miguel Ángel Páezen hitzetan, «urrats hau ezinbestekoa zen udal-azoka berritzeari ekiteko. Orain arteko proiektuaren eredua agortuta zegoen, horren erakusgarri dira ixten joan diren postuak, eta orain konponbideak eskaintzeko eta beste eredu bat proposatzeko aukera dugu, kontsumitzeko modu berriei egokituagoa». Irungo Udalak gertutasunaren, espezializazioaren eta tokiko kalitatezko produktuaren aldeko apustua berresten du. Orain, hiru urteko trantsizio-aldi bati ekingo zaio, azokaren egungo eredua eraldatzeko irizpideak erabakitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude