Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko arloak isolamendua eta narriadura kognitiboa prebenitzeko programaren bigarren faseari ekingo dio. Arlotik jakinarazi dutenez, irailetik abendura, Isolamendua Prebenitzeko Programaren barruan, hirian bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonak deiak eta gutunak jasotzen hasiko dira.
Arloak hiru taldetan oinarritu du programa: Irunen bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonak; joan den urtean bakarrik bizitzera igaro diren pertsonak, eta bakarrik bizitzeaz gain gizarte-babesik ez duten eta Gizarte Ongizatetik beren egoera edo zirkunstantzia partikularragatik arreta behar dutela baloratzen duten pertsonak. Programa bi fasetan egiten da, eta orain, iraila eta abendua bitartean, berriro jarriko dira harremanetan baldintza horiek betetzen dituzten pertsonekin, programan parte hartzera gonbidatzeko.
Fase bakoitzean prozedura bera egiten da, eta lehenengo urratsa, orain emango dena, aldez aurretik posta bidez harremanetan jartzea da, eta horren bidez informatuko zaie, programa dinamizatzen duen psikologoa, Amaia Caballero, telefonoz jarriko dela harremanetan adinekoarekin, programaren berri emateko eta elkarrizketa pertsonala proposatzeko, etxean edo Luis Mariano gizarte zentroan, betiere pertsona horretarako prest badago. Elkarrizketetan, pertsonaren interesekoak izan daitezkeen udal-baliabideen berri emango zaie, haren egoera kontuan hartuta.
Tailerrak astero
Isolamendu eta bakardade adierazleak dituzten pertsonei aukera emango zaie astero auzoetan egiten diren estimulazio kognitiboko eta trebetasun sozialen sustapeneko tailerretan parte hartzeko. Tailer horiek hainbat auzotako lokaletan egingo dira astean behin, eta ordu eta erdiko iraupena izango dute.
Hauek dira astero auzoetan egingo diren tokiak eta ordutegiak: Palmera Montero gunean astelehenetan, 10:00etatik 11:30era. Iraso gizarte zentroan asteazkenetan, 10:00etatik 11:30era. Lekaenea apartamentuetako gune sozialean asteazkenetan, 12:00etatik 13:30era. Artiako auzo-elkartean astearteetan, 10:00etatik 11:30era. Elitxuko auzo elkartean astelehenetan, 16:00etatik 17:30era.
Parte hartu nahi dutenek sartzeko baldintzak bete behar dituzte. Gainera, Amagoia Caballero psikologoari zuzenean dei diezaiokete 673 021 994 telefono-zenbakira edo amagoiacaballero@hotmail.com helbidera mezu bat bidal daiteke, parte hartu ahal izateko, pertsonaren izen-abizenak eta harremanetarako zenbakia emanez.