Joxe Mari Lopetegiren bertsoak kantatu dituzte bertsolariaren jaiotzaren 150. urteurrena oroitzeko

Apirilaren 13an Bidasoako EKT elkartean Joxe Mari Lopetegi bertsolariaren jaiotzaren 150. urteurrena gogoratzeko kantaldia egin zuten. Txingudiko bertso eskolako bertso tailerrak antolaturik, bertso kantari aritu ziren bertaratuak Lopetegiren bizitza errepasatzeaz gainera, bertsolariak bere bizitzan zehar garai ezberdinetan sortutako bertsoak gogoratuz.

Joxan Elosegiren laguntzaz oroitu zuten oraingoan ere Lopetegi. Izan ere, oraingo hau ez da bertso tailerrak Lopetegi omentzeko antolatu duen lehen ekitaldia. 2016. urtean ere hainbat ekintza egin ziren bere omenez, hitzaldia, kantu jira eta kantaldia tarteko, horiek guztiak Elosegiren laguntzaz prestaturik.

Kantaldiaren hasieran Elosegik Joxe Mari Lopetegiren sorrera gogoratu zuen, hobekien ezagutzen den bertsolaria dela oroituz. 1875ean jaio zen Irunen, Santiago karrikako lehenengo etxean zehazki. Giro liberalean hazi zen bertsolari irundarra, aita boluntario liberala baitzen eta 1874ko setioan, Joxe Mari sortu baino hilabete batzuk lehenago, Irunen defentsan parte hartu baitzuen.

Joxe Marik berak, umore handiko gizon ona eta alaia izateaz gain, gazte-gaztetatik hartu zuen parte herrian egiten ziren jai eta ospakizunetan. Hizketan eta kantuan grazia berezia zuenez, jendeak ez zituen bere bertsoak galdu nahi izaten. Kantari aritzeaz gain, mutikotatik errepublikaren aldeko lerroetan militatu zuen, bere bizitza zein bertsoak errepublikari eskaini zizkiolarik. Gainera, herriko zinegotzi izan zen XX. mendeko bigarren hamarkadan.

Plazako bertsolari huts baino gehiago izan zen Lopetegi, egokitzen zenean inprobisatu arren, bere bertsoak agerkari askotan ere argitaratu ziren. Esaterako, 1931ko abenduan, Irunen omenaldi handia egin behar ziotela-eta, bertso gogoangarriak eskaini zizkion Txirrita lagunak, Bertsolarıya aldizkarian.

1936ko estatu kolpe faxistatik aurrera, ahal izan zuen neurrian hartu zuen parte Irunen defentsan, eta erbestera jo behar izan zuen ondoren, frankistak herrian sartu aurretik. Hendaian egon zen lehenik eta Arrueta-Sarrikotako etxe batean egokitu zen gero, beste erbesteratu askorekin batera. Bertan hil zen 1942an.

Lopetegiren bertsoak kantari

Ekitaldi honen bitartez bertso tailerrak egin ziren eta bertaratutakoek Lopetegi bertsolari handia izan zela gogoratu dute. Horrela, bere garaian herrian oso ezaguna izan zen bertsolaria, ahanzturatik salbatu nahi izan dute berak sortutako bertsoak kantatuz. Horretarako, kantari lanetan aritu ziren apirilaren 13ko arratsaldean Xabier Isasi, Andoni Zabala, Iñaki Portugal, Aiora Fagoaga, Maider Ugarte, Urko Casado eta Igauri Lopetegi, bertsolariaren hereniloba bera, besteak beste, mikrofono aurrean, publikoaren laguntza izan bazuten ere. Bertsoak musikatzeko, musikari jardunean aritu ziren Makalo Jauregi, Iban Clemente, Beñat Elosegi, Aitor Errazkin, Rafa Iñigo, Maite Mancisidor, Maddi Sanz, Ganix Casado eta Joseba Tapia.

Kantaldia igarota, urtean zehar Joxe Mari Lopetegiren jaiotza oroituz beste hainbat ekintza antolatzeko asmoa dutela aurreratu dute Txingudiko bertso eskolako bertso tailerreko kideek. Hala, datozen hilabeteetan herri bazkari bat egingo dutela aurreratu dute. Dena den, datak hurbildu ahala, xehetasun guztiak partekatuko dituzte beren webgunean eta sare sozialetan, orain arte egin bezala, Lopetegiren ekarpena XXI. mendera ekarriz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude