Kantaldia antolatu dute Joxe Mari Lopetegi bertsolariaren jaiotzaren 150. urteurrena oroitzeko

Txingudiko bertso eskolako bertso-tailerrak kantaldia antolatu du Joxe Mari Lopetegiren jaiotzaren 150. urteurrena oroitzeko. Kantaldia apirilaren 13an, igandearekin egingo da, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Hitzordua Bidasoa EKT elkartean izango da, Irungo Larretxipi kaleko 12. zenbakian dagoena.

Bertan bertso eskolako eta jirako hainbat lagunek Lopetegiren 8 bertso-sorta kantatuko dituzte, musikaz lagunduta. Antolatzaileek adierazi dutenez, emanaldia dohainik izango da eta bertaratu nahi duten guztiek EKTko ateak zabalik izango dituzte.

Apirilaren 13koaz gainera, urtean zehar ere beste hitzordurik izango dela iragarri dute. Esate baterako, bertso-tailerrekoek aurreratu dute herri-bazkaria ere antolatzen ari direla, ekainaren 7rako.

Joxe Mari Lopetegi

Joxe Mari Lopetegi Olaizola 1875. urteko apirilaren 13an jaio zen  Irunen, eta 1945ean hil, Arrueta-Sarrikotan. Bertsolaria eta politikari errepublikanoa izan zen.

Aurtengoa ez da bertso-tailerrak Lopetegi omentzen duen lehendabiziko aldia, 2016. urtean ere antolatu baitzituzten hitzaldia, kantu-jira eta kantaldia, Joxan Elosegiren laguntzaz guztiak ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude